Ultzama eta Arga ibaietatik gertuen diren auzoak hartu zituen urak ostiralean. Han izan dira kalte materialik handienak: argindarrik gabe izan dira eta Martiket auzoko bizilagunak Atarrabiako Hotelean hartu dituzte, haien etxeak suntsitu dituelako uholdeak. Ostiraleko uholdearen ondotik, baina, beste bat agertu zela azaldu du Atarrabiako alkate Mikel Oteizak: auzolanarena.
Etxabeetatik ura kentzen aritu dira asteburuan, lokaletatik kaltetutako materialak ateratzen eta lokatza garbitzen. Kalteak agerikoak izan dira, eta horiei aurre egiteko uneko laguntzaz gain, bestelako neurri estrukturalak beharko direla uste du alkateak. Gaur Nafarroako Gobernuak kaltetutako udalerriak bilerara deitu ditu, egoera aztertzeko. Gobernuak zer proposatzen duen entzutera joanen da Oteiza, baina baita inplikazioa eskatzera ere.