Presen Zubillaga: "Ezin dugu multinazionalen esku utzi trantsizio energetikoa"

Lohizune Amatria Zabalza 2021ko urr. 4a, 09:54

Iruñerriko iparraldean bost parke eoliko eraikitzeko proiektuak aurkeztu zituen SACYR enpresak iaz. Orotara, 56 haize-sorgailu ezarri nahi ditu. Gaur amaituko da enpresak sustatutako Nafarroa 1, Nafarroa 2 eta Nafarroa 4 proiektuak jendaurrean erakusteko epea. 2.000 helegitetik gora bildu ditu Haize Berriak koordinakundeak.

Esteribar, Ezkabarte, Xulapain, Berriobeiti, Orkoien, Erroibar, Berriobeiti, Anue eta Olaibar eskualdeei eraginen die SACYR enpresaren parkeak. Ingurumenerako eta herritarren bizimodu eredurako kaltegarria izanen dela uste dute herritarrek, eta Haize Berriak koordinakundean bilduta helegiteak bildu dituzte azken hilabeteota. 

Azken astean Nafarroako Gobernuak Lezaun eta Gesalatzeko parkearen aurka egin du, ingurumenari kalte eginen liokeelako. Iruñeko haranetan eta iparraldeko herrietan ezarri nahi diren proiektuen kasuan antzeko jarrera hartzea nahiko lukete koordinakundetik. 

Energia ereduaz hausnartzeko jardunaldiak

Energia eta energia eredua hizpide izanen dira aste honetan, Iruñean. Gobernuak Trantsizio ekologikorako industriaren II. nazioarteko kongresua eginen du Nafarroa Arenan, urriaren 6an eta 7an. Horren aurrean Nafarroako Energia Eraldatzen eguzki eta haize poligonoek kaltetutako Nafarroako herri eta bailaretako plataformen koordinakundetik "jardunaldi alternatiboak" antolatu dituzte. 

Gaur hasiko da Berriztagarriak BAI, honela EZ izenburupean, Kondestablen. 

Mintzaldi guztiak batzen dituen ardatza trantsizio energetikoa eta biodibertsitatean eta gizartean eragiten dituen inpaktuak dira, hori guztia Lurreko baliabide energetiko eta mineralen murrizketaren testuinguruan kokatuta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!