Gero eta gehiago eta handiagoak dira Nafarroan eraiki nahi dituzten haize eta eguzki energia ustiatzeko poligonoak. Abuztuaren bataz geroztik, gutxienez, zazpi proiektu berri jarri dira jendaurrean Nafarroan. Horietako bat da Sacyr enpresa taldeak Iruñerriko iparraldean egin nahi duena. Berez hiru poligono eoliko ezartzeko plana aurkeztu du, Erro, Esteribar, Anue eta Olaibar bailaretan. Sustrai Erakuntza Fundazioaren ustez, ordea, bakarra da eta legea saihesten ari dira zatituz.
Parkeak 25 kilometroko luzera duen linea elektriko bat ezartzea aurreikusten du, elektrizitatea Orkoienera eramateko eta guztira 200 metroko altuera duten 29 haize errota ezarri nahi dituzte. Azpiegiturak basoetan, landaredian eta hegaztien faunan izango zukeen eraginaz ohartarazi du Zelaiak.
Klima aldaketari aurre egiteko aitzakiapean ari dira proiektuak onartzen, baina eragina kontuan izanda, energia berriztagarria horrela sortzea kontraesankorra da Sustrai Erakuntzaren ustez. Hori dela eta, parke txikiagoak hartuko dituen eredua eta kontsumo ohitura jasangarriak ezartzea ezinbestekoa dela azpimarratu du.