Patxi Urrutia: "Onartezina da erreforman gutxieneko pentsioa aipatu ere ez egitea"

Euskalerria Irratia 2021ko uzt. 19a, 11:52

Espainiako Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek, eta CEOE eta Cepyme patronalak pentsioen erreformaren lehen zatia hitzartu dute. Nafarroan ere begi onez ikusi du patronalak. Aldaketak, baina, ez du pentsiodunen kezka arindu. Sasoia elkarteko kidearen ustez gezur batean oinarritzen ari dira erreforma: "Dirurik ez dagoela diote, baina badago".

KPIaren araberako urteroko eguneraketa. Hori da erreformaren lehen zatiaren hitzarmeneak ekarriko duen alderdirik onena, pentsiodunen ustez. Bost urtean behin aztertuko da, baina; eta horrek ez du bermerik eskaintzen. Kritikak arintzeko emate txiki bat izan da, Sasoia elkarteko Patxi Urrutiaren aburuz. Kezkatuta jarraitzen dute pentsiodunek. Aldaketak ez ditu gutxieneko pentsioak izendatu, eta "oso larritzat" jo dute hori.  

Haien ustez pentsio plan pribatuak sustatzeko helburua du erreformak eta gezurretan oinarrituta dago.  

Nafarroan gehigarri bat ezarriko zaie pentsioei minimo batera heltzeko. Hala sinatu zuen gobernuak, EH Bildurekin aurrekontuak adostean. Oraindik, baina, ez du halakorik egin eta horri bidea ixten dion akordioa egin du Espainiarekin. Pentsiodunekin negoziaziorik ez dela eman salatu du Urrutiak. 

Pentsio duinak erdiesteko lanean jarraituko dute pentsiodunek. Abuztuan berrekingo diete protesteei Sasoia elkartekoek; baina azken ohartarazpen bat gehitu du: ikasleak, gazteak eta langileak jarri behar dira pentsioen borrokaren lehen lerroan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!