Komunitatearen sostengua da Goienerren proposamena pobrezia energetikoaren aurka

Goiener Energia kooperatiba buru belarri ari da lanean Powerpoor izeneko proiektu eropearrean, pobrezia energetikoa sufritzen duten pertsonei laguntza emateko. Honetaz eta, oro har, gai honen inguruan taldea aurrera eramaten ari den ekimenen berri eman digu Aitor Ossak

Europar Batasuneko zortzi herrialdetan garatzen ari den Powerpoor proiektu honetan energia-baliabide urriak dituzten 22.000 familia baino gehiagori laguntza eta informazioa ematea eta herritarren parte-hartzea sustatzea dira helburu nagusiak.

Goienerrek bere ezagutzak eta prozesu kooperatibo eta kolektiboetan duen esperientzia jarriko du ekimen honetan eta baita pobrezia energetikoaren arloan duen esperientzia ere. Arazo handi honi aurre egiteko, komunitatearen sostengua proposatzen du Goienerrek. Aitor Ossa euskal kooperatiba honetako kidea da: eta Irrintzi Plaza saioan hitz egin digu proeiktuaz.

Modu berean Goiener Sozial programaren barruan, kooperatiba hau tarifa sozial propioak garatzeko lanean ari da. Hau da, norberaren diru sarreren araberako tarifak ezarri nahi ditu, energia pobrezia ekiditeko. Zerbitzu guztiz berria energiaren merkatuan, oraindik, esan bezala, diseinu fasean dagoena, baina oso interesgarria izan daitekeena, zalantzarik gabe.