Luis Alberto Perote CESISeko zuzendari izandakoaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketak azalera ekarri du berriro torturaren gaia. Elkarrizketak agerian uzten du tortura metodo sistematikoa izan dela. "Hemen gertatu dena erakusten du audioak, Nafarroan gutxienez mila kasu gertatu dira", adierazi du Oihan Ataun Nafarroako torturatuen sareko kideak Irrintzi Plazan. 22 urte zenituen Segiko kide izateaz leporatua atxilotu zutenean, 2008an.
Errelatoaren batailan, baina, bigarren mailan izan da tortura; nahiz eta Estrasburgok hamar aldiz eman dituen Espainiaren aurkako epaiak. Azkena aurten eman du, urtarrilean. Nafarroako lehenengoa, berriz, Ataunen kasua izan zen. Sentimendu "gazi-gozoa" utzi zion epaiak, torturak ez ikertzeagatik zigortu zuelako Espainia, baina torturak ez direlako ikertuak izan.
Ikertzeko beharra
'Tortura ikertu. Egindako guztia aitortu' lelopean eginen dute protesta larunbatean: "Ez ditugu torturatu gintuztenak kartzelean ikusi nahi, beraien justizia ez da gure eredua. Herri honetan gertatu den guztia, egia, ezagutu nahi dugu eta ez errepikatzeko bermea izatea". Torturatua izan den jendeari aitortza eta erreparazioa eman behar zaiola adirazi du, eta hori erdiesteko ikerketa ezinbesteko dela iritzi dio. 1978tik 2014ra gertatutakoak ikertzeko eskatuko dute larunbatean.
Espainiako Gobernu ordezkaritzak manifestazioaren ibilbidea aldatzera behartu ditu, eta Iruñeko Udalak Sarasate pasealekuan bozgorailuak jartzea debekatu die. Torturaren aurkako mezua isilarazi nahi dutela salatu du sareak: "Adibide oso grafikoa da".