Naizen elkarteak jakinarazi du igandean 11 urteko haur transexual bati eraso egin ziotela Iruñean. Bea Sever taldeko kideak azaldu dutenez, bere lagunekin zegoen parke batean, beste talde bat gerturatu zitzaionean; irainka hasi, lurrera bota, eta ostikoak jo zizkioten.
Ondorioz, haurra “oso beldurtuta” dago, ez du kalera bakarrik egin nahi; familia osoa “shock egoeran” dago. Hortaz, zalantza izan zuen salatu edo ez, baina baietz erabaki dute. “Garrantzitsua delako hau zabaltzea, zenbait gorroto diskurtsok ondorio zuzenak dituztelako: ez dira doakoak, eta ondorioak dituzte pertsonen bizitzetan”, adierazi du Severrek.
Naizen elkarteko kideak azkenaldian zabaltzen ari diren “gorroto dikurtsoekin” lotu du gertatutakoa: “Baimena ematen dutelako halako ekintzak egiteko”. Azaldu duenez, elkarteak beti defendatu izan du Euskal Herrian ez dela “halakorik” gertatzen, baina egoera okerrera egiten ari dela ikusten ari dira. “Atzeraka goaz, hainbat gezur zabaltzen ari dira, komunitate honen aurka”.
Trebakuntzaren beharra
Hori dela eta, premiazkotzat jo ditu trebakuntza eta gizartearen ardura: “Haur askok ez dute informazio nahikorik errealitate honekin, eta gizartean ezin ditugu onargarritzat hartu zenbait diskurtso: tinko izan behar dugu, ez dugu halakorik onartuko, eta familiei gure babesa ematen jarraituko diegu”.