Euskal bideo-joko komunitateak Game Erauntsia Elkartearekin batera #3000Twitz kanpaina martxan jarri dute hiru helburu nagusiekin: Twichen euskara hizkuntz ofiziala bihurtzea, Interneteko sortzaile euskaldunak ikusaraztea eta ingurune digitalean euskaraz bizitzea ahalbidetzea.
Kanpainaren izena Twichek euskara hizkuntza ofizial bezala gehitzeko eskaerari lotuta dago. Izan ere, katalana hizkuntza ofiziala bihurtzea lortu zuten ia 3000 boto lortu ondoren. Horrela bada, kanpainaren helburua 3000 boz lortzea da.
Azaroaren 28tik abenduaren 4ra bitartatean hainbat zuzeneko emanaldi zabalduko dira. Hauek bideo-jokoen partidak, gitarra saioak, irratsaioak, umorea, hitzaldiak eta rol partidak izango dira. Euskal bideo-joko komunitateko streamerretaz gain hainbat kultur eta gizarte eragileek beraien edukiak gehituko dituzte, besteak beste Sutan Bang kolektiboa, Baxe Nafarreko Kanaldude tokiko telebista eta Naiz Irratia.
Abenduaren 3an euskararen eguna ospatzeko Arkkuso eta Aiora Probatxoa youtuberrak eta Nebukai streamerrak elkarrizketa saio bat antolatu dute. Kai Nakai, Dylan Inglish, Aitziber Garmendia eta Odei Jainaga elkarrizketatuak izango dira. Horretaz gain, ekimenak jendarteko beste sortzaile batzuen kolaborazioak izango ditu ere.
Abenduaren 5ean kanpainari amaiera emango zaio 24 orduko maratoi batekin. Besteak beste Game Erauntsia Elkarteak Rocket League bideo-jokoaren txapelketaren finala eskeiniko du zuzenean.
Naiz Irratia ekitaldiaren babesle ofiziala da eta honen Bigarren Kafea bideo-irratsaioa kanpainari gehituko da. Informazioa zabaltzeko @3000Twitz Twitter kontua erabiliko da eta YouTuben bereziki sortutako kanalean euskaraz sortzea bultzatzeko tutorialak eskeiniko dira .
Twitch plataformari buruz
Twitch 2011an sortu zen online zuzeneko emankizunak egiteko plataforma da. Bideo-jokoetan berezitua dago eta egunero milioi eta erdi ikusle baino gehiago batzen ditu. Gaur egun Twitchen 34 hizkuntz hautatu daitezke emisioa egiterakoan, baina euskara ez dago zerrenda horretan. Euskara hizkuntza ofiziala bihurtzeak euskal sortzaileen edukiak iragazteko aukera dakar