Urriaren 14ean Bruselara joan beharko dute Landarlak Ingurumen Elkarteko kideek Natura 2000 Sarien finalera. Komunikazio saria eskuratzeko izendapena lortu du elkartearen Aralar, mundua leku den lurra dokumentalak. Baina, gainera herritarren saria ere eskura dezake. Dokumentalaren sortzaileetako batekin mintzatu gara Irrintzi Plaza saioan, Ion Fontenlarekin.
Dokumentala aurkeztu zutenetik handituz doan proiektua da Aralar. Idurre Eskisabel eta Lorea Agirreren gidoia osatzen duten testuekin eta dokumentaleko irudiekin, liburu formatuko argitalpen bat ere plazaratu dute eta aste honetan Garalar Maralar liburu ilustratu laukotea aurkeztu dute. Patxi Zubizarretak idatzi eta Jokin Mitxelenak ilustratu ditu 'Goliat eta izarrak', 'Joanes eta kanpaiak', 'Aiert eta herensugea' eta 'Maren eta azeria' liburuak. Bildumak irakurlea Aralarko mendietara hurbiltzea du helburu, bertako bide, gailur eta kobazuloetan barneratzea, Joanes artzaina, Goliat txakurra eta Aiert eta Maren anaia-arrebak protagonista dituzten abentura eta pasarteen eskutik.