Koronabirusaren egunerokoa

Iker Isiegas: "Kontzertu aretoentzako proposatu dutena ez da egingarria, ezin dugu baldintza horiekin ireki"

Euskalerria Irratia 2020ko api. 30a, 16:40

Itxialdia ezarri aurretik itxi zituen ateak Totem aretoak. Hainbat kontzertu atzeratu eta beste zenbait bertan behera utzi behar izan dituzte koronabirusak eragindako egoera dela eta. Lan zaila izan da agenda berrantolatzearena. Hala aitortu du Irrintzi Plaza saioan Iker Isiegasek.

Lan erregulazio espedientea eskatu du Totemek, egoerari aurre egiteko. Etorkizuna "beltz" ikusten baitute: "Ez nago batere positibo, egindako lana berriz egin beharko dugula ikusten dugu". 

"Zoritxarrez nahiko lasai gabiltza egunotan". Hitz horiekin laburtu du Isiegasek itxialdia. "Lana egina dugu, eta zain gaude zein neurri hartu behar ditugun jakiteko. Orain arte entzun duguna ez da egingarria, guk ezin dugu ireki baldintza horiekin eta taldeek ezin dute baldintza horiekin jo". Espainiako Gobernuak iragarritako itxialdiaren arintzearen azken fasean izanen lukete kontzertu aretoek irekitzeko aukera, beti ere, edukiera herenera murriztuz. "Gutxieneko aurreikuspen bat behar dugu, zeibat diru eskatu behar dugun edo zein epeetan mugituko garen jakiteko, bestela gu bezalako areto askok itxiko dute. Desastre bat izanen da".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!