Greba feminista

Zergatik eta noiztik ospatzen da Emakumeen Eguna?

Martxoaren 8a da Emakumeen Nazioarteko Eguna. Data horren zergatia ekarri digu Irrintzi Plazara Bakarne Atxukarrok.

1857ko martxoaren 8an, New Yorkeko emakume langile talde batek kalera ateratzea erabaki zuen laneko egoera salatzeko asmoz. Haien eskubideak eskatu zituzten. Protesta hark beste batzuk piztu zituen eta munduko hainbat emakume lan egiteko baldintzak hobetzeko aldarrikatzen hasi ziren.

Historiako pasarte ezagunena eta, dirudienez, guztiz egia ez dena, 1908an kokatzen da. Diotenez, New Yorkeko fabrika handietan josten aritzen ziren emakume ugari greban jarri ziren. Fabrikaren jabeak, lantokiko ateak itxi eta hauek barruan zeudela, su eman omen zion eraikinari. Hau martxoaren zortzian izan zela uste dute.

Ezin da ziurtatu Emakumearen Egunaren ospakizunaren jatorria hori denik. Garbi dagoena, berriz, 1910ean gertatutakoa da. Emakume Sozialisten Nazioarteko Konferentzia Kopenhagen bildu zenean, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna egitea Clara Zetkin politikariak proposatu zuen. Proposamena onartu zuten 17 naziotatik hurbildu ziren 100 emakume baino gehiagok.

1911an, Alemania, Austria, Danimarka eta Suitzan martxoaren 19an ospatu zen lehen aldiz Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna.

Denbora pasa ahala aldarrikapenak aldatzen joaten ziren. 1913 eta 1914an I. mundu gerraren aurka protesta egin eta munduko gainerako emakumeei elkartasuna adierazteko Errusiako eta Europako emakumeek Emakumearen eguna ospatu zuten. 1917an, Gerra Handian hil ziren 2 milioi errusiarren omenez, Errusiako emakumeek otsaileko azken igandea hautatu zuten "ogia eta bakea" lelopean greba hasteko. Lau egunetara Zar-ak abdikatu egin zuen eta uneko gobernuak, martxoaren 8an, emakumezkoei botoa emateko aukera eman zien. Gertakizun horren eraginez, emakumearen nazioarteko eguna martxoaren 8an ospatzera igaro zen.

1975ean Nazio Batuen Erakundeak martxoaren 8a Emakume Langilearen Nazioarteko Egunatzat jo zuen.