Ikustekoak

«Kaña bat hartzeko elkartu ginen eta azkenean Cadizen disko bat grabatu genuen»

Euskalerria Irratia

Peiremans+ taldeak Euskalerria Irratiaren plato-estudio berria hautatu zuen Hirugarren Mailan diskoaren lehen jendaurreko aurkezpena egiteko. EP berriaren nondik norakoak xeheki azaldu zituzten solasaldi mamitsu bezain animatuan eta jarraian sei kanta jo zituzten akustikoan. Ordu eta laurden ederra izan zen, komunitatearekin eta komunitatearentzat egindako emanaldi xarmangarria.

Egun trinkoa izan zuten atzo Peiremans+ taldeko Gorka Urbizuk, Imanol Ubedak eta Haritz Beristain Txiki-k: goizean Durangon aurkeztu zuten disko berria, arratsaldean EITBn bi elkarrizketa egin zituzten, eta ilunabarrean Iruñeko Karrika Nagusiko 54 zenbakira etorri ziren.

«Kontrola galdu eta azkenean hilabetean 19 kontzertu eginen ditugu»

Hasiera batean kanta bakarra egiteko elkartu ziren, baina azkenean EP bat grabatu dute eta abenduan 19 kontzertu eginen dituzte. Gutxi gorabehera 10.000 sarrera dira, eta dagoeneko denak saldu dituzte.

Imanol Ubedak aitortu zuenez, aurreikuspen guztiak gainditu ditu jendearen erantzunak: «Gure asmoa zen sei bolo egin, elkartu aspaldiko partez, emanaldi batzuk egin, garagardo bat, bi, hiru hartu eta etxera; eta desmadratu zaigu izugarri». Txikik ere bat egin zuen ikuspegi horrekin, hasierako asmo xumea hilabete bakarrean 19-20 kontzertu ematera igaro dela nabarmenduz.

Gorka Urbizuk azaldu zuen «harrituta eta emozionatuta» daudela, baina baita «arduratxo batekin» ere, hilabete batean horrenbeste kontzertu ematea erronka handia delako. «Nik Berri Txarraken garai eroetatik ez dut halakorik egin, eta ikusiko dugu nola... bizirik bukatzen dugun», gaineratu zuen umorez.

«Areto txikiak gure eremu naturala dira»

Elkarrizketan zehar taldearen inguruko zenbait lagunen galdera grabatuak entzun zituzten, tartean Marino Goñirena, Peimans+ taldeko kide ohiarena. Goñik galdetu zien ea ez ote zen hobea izango estadio edo pabiloi erraldoi bakar bat betetzea. 10.000 sarreratik gora saldu dituzten arren, Gorka Urbizuk argi utzi zuen formatu txiki eta ertainen aldeko hautua: «Gure habitat naturala pixka bat hau da; aretoetan dago gure musika estilorako tokirik aproposena». Umorez baztertu zuen estadio handien aukera, «Anoetan egitea eta ez betetzea; erdia bakarrik, harmaila gorri...» gisako irudiak marraztuz.

«Lehen kantua Troiako zaldi emozionala da»

Nerea Urbizuk eta Joni Ubedak ere bidali zituzten euren galderak irratira. Arrebaren galderari erantzunez, kantuak noiz amaitutzat ematen dituen azaldu zuen Gorka Urbizuk: «Lehenengo ideia oso inportantea da eta hor badago zerbait purua niretzako; gero 11.000 buelta eman behar dituzu beharbada lehenengo ideiara bueltatzeko». Peiremans+ taldean freskotasuna lehenesten dutela nabarmendu zuen jarraian: «Saiatzen gara freskotasun hori mantentzen; orduan, ez diegu buelta gehiegi eman behar, ez da komeni». Imanol Ubedak, bere aldetik, ideia berriak «Peiremansen unibertso sonoro horretara» ekartzeak uste baino lan gehiago eskatu diela onartu zuen.

Diskoko letrek (Durangoko Palentinoan, Pain batean Loiolan, Erlikia, Tolosako Mescalen eta Gero eta gehiago dira) duten ironia eta malenkonia kargaz galdetuta, taldearen nortasun ikurrak aldarrikatu zituen Ubedak: «Nik uste dut Peiremansen marka bat edo ikurretako bat dela ironia, autoironia, kritika, autokritika, eta oraingoan umorea ere». Azkenik, Durangoko Palentinoan aurrerapen kantuari buruzko gogoeta borobildu zuen Gorka Urbizuk: «Izan da Troiako zaldi emozional bat; pixka bat hala umorea sartu dugu hor, eta lehenengo singlea hori izan da».

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!