Iruñean, Lantxotegi elkartearen Kabia proiektuak tokiko pertsonen eta migratzaileen arteko topaketak sustatzen ditu. 2022an sortu zuten, harremanak eraikitzeko espazioen falta ikusita. Proiektuak elkar ezagutzeko eta loturak sortzeko aukera eskaintzen die parte-hartzaileei.
Iñigo Avilak 2024an ezagutu zuen Kabia, parte-hartzaile gisa, eta esperientziak dokumental bat egiteko ideia piztu zion. Ia bi urteko lanaren ondoren, Kabia dokumentala estreinatuko dute ostiral honetan, 17:15etan, Iruñeko Golem zinemetan. Badra Mehdaui eta Eider Arco dira protagonistak eta bien artean sortutako harremana da ikus-entzunezkoaren muina.
Avilak dokumental poetikoa egin nahi izan du, txoriak eta haien sinbologia kontakizunean txertatuz. Agnès Vardaren lanak izan ditu inspirazio eta modu naturalean sortutako irudien eta eszenen bidez osatu du istorioa.
Dokumentala egiteko prozesuan, parte-hartzaileen zaintza izan da lehentasunetako bat. Arantxa Caminos Kabiako koordinatzaileak azaldu duenez, garrantzitsua izan da protagonista guztiek espazio seguru bat izatea eta grabaketan eroso sentitzea.
Orain, dokumentalaren bidez, Kabiako esperientzia ikusleengana iristea nahi dute. Proiektua ezagutarazteaz gain, beste leku batzuetan antzeko ekimenak sortzeko gogoa piztu nahi dute. Hegan egin dezala Kabia filmak eta proiektuak.