Entzutekoak

Lislore dendak gaur itxiko ditu ateak, 40 urteko ibilbidearen ondoren

Euskalerria Irratia

Erakusleihoan kartel bat dago: “Azaroak 13 azken eguna” eta eguna iritsi da. Karmele Yeregik 40 urtez kudeatu du Iruñeko Alde Zaharreko loradenda. Gaur itxiko ditu ateak, erretiroa hartuta

Karmele Yeregi 40 urtez aritu da Kale Nagusiko denda txiki honetan eta azken egunotan bezero eta auzokide ugari hurbildu dira agurtzera. “Oso hunkigarriak izan dira azken egun hauek. Jende asko gerturatzen ari da, maitasunez agurtzera”, kontatu digu Karmelek.

Hilabeteak igaro dira erretiroa hartuko zuela iragarri zuenetik, baina ez du aurkitu dendaren lekukoa hartuko duen inor. Ondorioz, Alde Zaharrak loradenda bat baino askoz gehiago galduko du. Izan ere, auzoko denda txikiek saltzen dituzten produktuez gain, harreman-sareak ere eraikitzen dituzte eta auzoari bizitasuna ematen diote.

Karmelek hasieran ez zuen lorezaintzaren inguruko esperientziarik, baina ilusioz ekin zion proiektuari. Formakuntza jaso zuen, besteak beste, Bartzelonan eta Madrilen, eta hainbat herrialdetara ere bidaiatu zuen loreen eta lore-denden joerak ezagutzeko. Fresiak eta hortentsiak ditu gogokoen, baina argi du: “Ez dago lore itsusirik”.

Lislore ixtearekin batera, auzoko denda txikiek eskaintzen duten gertutasuna ere galduko da. Karmeleren ustez, saltoki horiek bezeroekin harreman estuagoa sortzen dute, eta auzoari giro berezia ematen diote. Gaur agur esango diogu Lislore dendari, eta eskerrak eman Karmeleri 40 urte hauetan egindako lanagatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!