Entzutekoak

Gotzon Barandiaran: “Poema musikatuek entzule gehiagorengana iristeko aukera dute”

Euskalerria Irratia

Gotzon Barandiaranek argitaratutako azken poema-liburuko testuak, Galbahe taldearekin batera, musikatu ditu. Diskoa igande honetan aurkeztuko dute, Iruñaldia zikloaren barruan, Nafarroako Antzerki Eskolan

Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko Galbahe taldearen lehen diskoa da, 2025ean argitaratua. Proiektu hau Gotzon Barandiaran idazlearen Galbahea poema-liburuan oinarrituta dago. Bertako poemak kanta bihurtu dituzte eta emaitza igande honetan aurkeztuko dute Iruñean, Iruñaldia zikloaren barruan. Emanaldia Nafarroako Antzerki Eskolan izango da, 19:00etan.

Barandiaranek azaldu duenez, poemak musikarekin uztartzea ez da ideia berria. 2000. urtean hasi ziren Larrabetzuko hainbat musikari eta literatura zaleren artean testuak musikarekin errezitatzen eta ikuskizunak eskaintzen. Gero, 2004an Arrakalak poema-liburuko testuekin egin zuten, eta 2007an Katamalo lanarekin. Oraingo proiektua, beraz, aurreko esperientzien jarraipena da: “Iruditzen zaigu poemek musikarekin batera askoz entzule edo hartzaile gehiagorengana iristeko ahalmena daukatela”.

Galbahe kontzeptua 2017tik idazlearen buruan zebilen. Atzera begiratu, bizitakoa aztertu eta zer gorde eta zer baztertu erabakitzea da liburuaren abiapuntua. Diskoa, ordea, talde-lanaren emaitza izan da. Barandiaranek beste bost musikarirekin partekatu ditu poemak, eta bakoitzak bere irakurketa eta ekarpena egin du. Prozesuak beste ikuspegi batzuk ezagutzeko eta ikasteko aukera eman dio: “Besteek erakusten eta ikusiarazten dizute testu bera beste modu batera jaso daitekeela”.

Igandeko emanaldian, gainera, diskoan parte hartu duten hainbat musikari ere izango dira oholtza gainean: Gaizka Sarasola, Gorka Urbizu eta Maia Iribarne. Horrez gain, Iruñearekin lotura berezia duen kanta bat joko dute, taldekideentzat garrantzitsua izan den talde baten abesti bat bertsionatuz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!