Santu Guztien Egunaren aurreko egunak lan handikoak izaten dira loradendetan. Loreak jaso, behar bezala mantendu eta diseinuak prestatu behar izaten dituzte. Krabelin lore-dendan, Iker Zuherosek azaldu digunez, lehen baino jende gutxiago hurbiltzen bada ere oraindik ere askok mantentzen dute hilerrira loreak eramateko ohitura. Krisantemoak eta udazkeneko landareak dira gehien eskatzen dituztenak.
Urtean zehar, berriz, bezeroen eskaera nagusiak lore-sortak eta etxe barrurako landareak dira. Estiloari dagokionez, azken urteotan aldaketa nabarmena izan da: lore handiko sorta tradizionalen ordez, sorta txikiagoak, koloretsuagoak eta itxura basatiagokoak ari dira nagusitzen.