Entzutekoak

Pablo Sotés: “Adimen-desgaitasuna duten gazteei zuzendutako diplomak enplegutik harago begiratzen du”

Euskalerria Irratia 2026ko abuztuaren 13a

Nafarroako Unibertsitate Publikoak adimen-desgaitasun duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako Enplegurako Gaitasunen Garapeneko Diploma eskaintzen du. Helburua bizitza sozialerako eta lan esparrurako gaitasunak garatzea da

Unibertsitateko prestakuntzarako eta enplegurako aukerak ez daude pertsona guztien eskura, ez behintzat baldintza berdinetan. Horri erantzuteko sortu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan Enplegurako Gaitasunen Garapeneko Unibertsitate Hedapeneko Diploma, desgaitasun intelektuala duten 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako urtebeteko prestakuntza-programa.

Pablo Sotés psikologian doktorea, irakaslea eta programaren zuzendari ohia da. Berak azaldu duenez, helburua ez da soilik ikasleak lanpostu bat lortzeko prestatzea. “Oinarrizko gaitasunak lortzeko formakuntza” da, besteak beste, harreman sozialak, komunikazioa, talde-lana, autonomia eta laneko eskubideak lantzeko.
Prestakuntza ikasle bakoitzaren beharretara egokitzen da, eta material, eduki eta baliabideak ere profil bakoitzaren arabera moldatzen dituzte. Horrez gain, ikasleek unibertsitateko bizitzan parte hartzen dute eta aholkularitza jasotzeko aukera dute. 

Programaren barruan, enpresetan praktikak egiteko aukera ere badute, ikasitakoa ingurune profesional batean aplikatzeko. Ikasleen jarraipena egiten duen laguntzaile baten eta enpresetako tutoreen babesa dute prozesu horretan. Hala ere, oraindik adimen desgaitasuna duten pertsonek oztopoak aurkitzen dituzte lana lortzeko momentuan. Batez ere, enpresen munduan dagoen ezagutza faltagatik eta administrazioaren zenbait prozesutan. Errealitate horren aurrean, programaren bidez ikasle askok lanpostua lortu dute, zenbait kasutan praktikak egin dituzten enpresetan bertan.

Azken batean, prestakuntza honek autonomia eta aukera berdintasuna sustatzea du helburu, paternalismoaren aurrean gazteen gaitasunak eta erabakitzeko ahalmena indartuz. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!