Azken hiru urteotan, Nerea Ansó Ascuncek hiru album ilustratu argitaratu ditu: Eta zu, nire kumea, Amonaren gordelekua eta Munduratu. Haurrei zuzendutako liburuak dira baina helduak ere interpelatzen dituzte. Amatasuna, dolua, jaiotza eta zaintza bezalako gaiak jorratzen dituzte, eguneroko elkarrizketak errazteko eta hitzez jartzea zaila den horri espazioa emateko.
Idazteko beharra ama izatearekin batera sortu zitzaiola azaldu du. "Erditu ondoko garaia oso berezia da, emozioak oso modu sakonean sentitzen dira. Nik sentitzen nuen horretatik idazten hasi nintzen". Bere ustez, haur literaturak gai konplexuei heltzeko aukera eskaintzen du. "Liburu batek ezin du haurrarekin elkarrizketa bat ordezkatu, baina oso tresna interesgarria izan daiteke". Gainera, haurrei egia argi kontatzearen alde agertu da eta azaldu du askotan ez dela beharrezkoa erantzun guztiak ematea: "Haurrak mundua interpretatzeko eta ondorioetara iristeko gai dira."
Album ilustratuetan, irudiak hitzak bezain garrantzitsuak dira. Ansóren hitzetan, ilustratzaileek bere testuak aberastu egiten dituzte eta haurrek askotan ilustrazioetatik egiten dituzte euren interpretazioak. Horregatik, uste du irudiek haurren barne-mundua garatzeko eta irudimena elikatzeko balio handia dutela. Etorkizunari begira, idazten jarraitzeko asmoa du, baina presarik gabe. "Nik idazten jarraituko dut, honek asebetetzen nauen bitartean".