Sanferminak 2026

Ziztu bizian abiatu eta helmugaratu dira Miurak

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 13a

Zezen plazan sartu aurretik korrikalari batek adarraren igurtzia sentitu du bizkarraldean. Argazkia: Haritz Pascual

Bi minutu eta 32 segunduko denboran egin dute bidea Miura ganadutegiko zezenek zazpigarren entzierroa izan den honetan. Abiada bizian egin dituzte Santo Domingo aldapako lehen metroak. Zezenak aurrean izan dira ibilbide osoan, Mercaderesen zezen beltzetako bat erori den arte: zertxobait atzerago geratu bada ere anaien bila joan da bide osoan eta gertutik jarraitu ditu gainerako bostak. Zezen plazan sartu eta bertan zegoen jendea agurtu nahian bueltaxka eman dute. 

Miura ganadutegiak sona du Iruñean ere. Eta haren nolakotasuna erakutsi dute entzierroan: abiada bizian egin dute bidea, arriskua sortu dute, baina adarkaturik ez dute utzi. Hori bai, taldeak aurrera egin duen bitartean zezenetako bat Mercaderesen erori eta zertxobait atzerago egin du bidea idietako baten laguntzarekin. Beti izan ditu anaiak begi bistan eta gertutik segitu ditu. Bi minutu eta 32 segunduan osatu dute zazpigarren entzierroa: korrikaldi ikusgarriak egin dituzte zenbait lasterkarik eta zaurituak eroriko eta kolpeengatik izan dira. Telefonikako inguruetan sortu dituzte bi tentsio une nagusi: bi korrikalarik adarra gertutik sentitu dute. Guztira sei pertsona artatu dituzte eta horietako lau ospitaleratu behar izan dituzte. Aurreko entzierroetako bi lasterkari daude oraindik zainketa intentsiboetako unitatean. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!