Sanferminak 2026

Sexu eraso larri baten saiakera eta intentsitate txikiko hamalau salaketa, sanferminetako lehen egunetan

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 10a

Mugimendu Feministak iganderako, uztailaren 12rako egin du elkarretaratzeko deia 21:00etan Gazteluko plazan. Emakumeek jaietan ere espazioak libreki bizitzeko eskubidea aldarrikatu eta bizi duten egoera salatzeko eginen dute protesta. 

Mugimendu Feministak salatu du, orain arte, gutxienez intentsitate baxuko 14 eraso sexista salatu direla eta uztailaren 8an emakume baten sexu indarkeria saiakera larria jasan zuela. Erasotzaileak indarkeria erabili zuen emakumearengan eta emakumeak ihes egitea lortu zuen aurre egin ziolako.

Iruñerriko Mugimendu Feministak maitasun mezua eta babes osoa eskaini dizkio eraso larria jasan duen emakumeari. Horrekin batera nabarmendu dute jaiak ere emakumeenak direla eta espazio horiek betetzen segituko dutela. Askatasunez eta askatasunean festez gozatzeko eskubidea aldarrikatu dute. Hartara, uztailaren 12an, igandearekin Gazteluko plazan iluntzeko bederatzietan elkarretaratzera dei egin dute. Emakumeok bizi ditugun egoerak salatzea izanen da xedea.

Udalaren mezua erasoen aurrean

Joseba Asiron Iruñeko alkateak azaldu du, orain arte sexu erasoen inguruan aurkeztutako salaketa guztien ustezko egileak atxilotu dituztela. Nabarmendu du erakundeek lanean jarraituko dutela mugimendu feministarekin batera, prebentzio neurriak, protokoloak eta biktimei ematen zaien laguntza indartzeko. Alkateak azpimarratu du emakumeen eskubideak erabat bermatu behar direla jaietan ere, eta eraso sexistek ez dutela lekurik sanferminetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!