Entzutekoak

Irune Biurrun: "Aurten lehenengo aldiz izanen dugu emakumezkoen harrijasotze txapelketa"

Euskalerria Irratia 2026ko uztailaren 9a

Aurten, eguraldia tarteko, ordubete aurreratu dituzte Herri Kirol erakustaldia, Irune Biurrunek argitu moduan “kirolarientzat eskertzekoa den erabaki bat”.

Sanfermintza saio bereziaren baitan, Foruen Plazara hurbildu gara, bertan antolatzen diren Herri Kirol erakustaldi eta txapelketak bertatik-bertara jarraitzeko. Hiru txapelketa izan dituzte gaur goizean, eta “nahiko desberdina” izan dela aipatu digu Irune Biurrun antolatzaileak. Nafarroako Emakumezko Aizkolari txapelketarekin abiatu dute goiza. “Duela urte gutxi hasi ginen emakumezko aizkolari txapelketarekin eta oso pozik gaude horrekin”. Nerea Sorondo izan da txapelduna, “lehia estu baten ondotik”. 

June Etxeberria izan da txingetan txapelduna, Biurrunek erran bezala, “sorpresa izan dena”. Etxeberriak berak halaxe adierazi digu: “Beste modalitate batzuetan aritzen naiz gehiago, baina batzuetan beste modalitateetan sorpresak eramaten dituzu”. Hurrengo egunetan, goizeko 11etatik aurrera izanen dira Herri Kirol erakustaldi eta txapelketak. Bihar, Haurraren Egunarekin bat eginez, txikiak izanen dira protagonista. Aurten, nobedade gisa, emakumezkoen harri-jasotze txapelketa eginen da lehenengo aldiz. Izan ere, Biurrunek azpimarratu bezala, “gizonezko zein emakumezkoek plazan beren lekua izatea” da bermatu nahi dena. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!