Entzutekoak

Nora Gonzalez eta Suyapa Perez: “Auzolanaren bidez jai eredu alternatiboa eraiki nahi du Herri Sanferminak”

Euskalerria Irratia 2026ko ekainaren 30a

Auzolana, feminismoa, antirrazismoa eta antifaxismoa dira Herri Sanferminen oinarriak. Hamargarren urteurrenean, O-ko Andre Mariaren eta Baratxurien plazan egitarau zabala prestatu dute.

Programazioa prest dago eta aste honetan zehar muntaiari ekingo diote O-ko Andre Mariaren Plazan eta Baratxurien plazan Herri Sanferminak aurten ere errealitate bilakatzeko. Azkeneko urteetan ez zuten baimena lortu baina aurten Baratxurien plazan ere izanen dira. Larrialdi gunearekin partekatuko dute espazioa eta hemen gune lasaiagoa sortzea dute helburua.

Nora Gonzalez eta Suyapa Perez kolektiboko kideek azpimarratu bezala, aurten ere auzolana gunearen oinarria  izanen da. Denetara 13 kolektibok osatzen dute Sanferminetako talde motorra, baina eragile eta kolektibo gehiagok ere parte hartzen dute, eta guztiek izango dute beren lekua datozen egunetarako prestatu duten egitarau zabalean.

Ohikoa den moduan, aldarrikapenen eskutik joanen da jaia. Izan ere, antolakuntzatik nabarmendu nahi izan dute Herri Sanferminak ez direla kontzertu eta jardueren egitarau hutsa. Jai eredu jakin bat aldarrikatzen dute, balio feministak, antirrazistak eta antifaxistak oinarri hartuta. Bide honetan, erasoen aurkako protokoloa izango dute, ez dute Israelekin lotutako produkturik salduko, emakumeen presentzia bermatuko dute oholtzetan eta zezenei alternatiba eskaintzen dioten jarduerak ere antolatu dituzte.

Eragileen eskutik antolatutako bazkariak, kantuz bermuta, txikientzako ekintzak, bingo musikatua eta elektrotxarangak izango dira, besteak beste. Kontzertuen artean Naxker, Bisaiak, Mirua, Barniz, Mutiko, Iruinyard Sound System, Zinez, Kunbialariak edota Streetwise izango dira iluntzean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!