Puska-biltzea, dantza, musika eta, batez ere, libertimendua. Hori ekarriko du Nabarrikadak Iruñeko Alde Zaharreko kaleetara aurtengo sanferminetan, lehenengoz. Iruinkokoen udako hanka bezala sortu da, Aritz Ibañez taldekideak argitu moduan, tradizioz neguko besta orok izan dutelako beren parekoa udaran. Hala, udako inauteriak dira sanferminak, eta Iruinkokoen ispilu-jokoa izanen dira Nabarrikadak. Uztailaren 12an iritsiko da kaosa, dagoeneko kaosetik baduen bestara. Eguerdiko 12:00etatik aurrera, Nabarrikadak Zaldiko Maldikotik abiatuko dira, eta Dugunaren egoitza eta Herriko Taberna bisitatu ondotik, Zaldikora itzuliko dira. "Bien bitartean, musika, dantza, zirika egonen dira. Batez ere eta ororen gainetik, ongi pasatzea da guzti honen asmoa".