Nafarroako Osasun Larrialdietako langileek botako dute 2026ko sanferminetako txupinazoa, herri-bozketan jasotako babes zabalaren ostean. Emandako 11.740 botoetatik, 3.775 larrialdi zerbitzuen aldekoak izan dira. Aitorpen honen helburua osasun langileek jaietan zein urte osoan zehar egiten duten lana ikusaraztea da. Aukera ilusio handiz jaso dute: “oso eskertuak gaude gure lanari ohore hau emateagatik”. Eta Itsaso Sexmilok gogora ekarri nahi izan ditu gainontzeko hautagaiak ere: “beste kolektiboak ere oso garrantzitsuak dira eta lan handia egiten dute urtean zehar”.
Sanferminetan larrialdietako sare oso bat martxan jartzen da: goizeko lehen orduetatik entzierroaren jarraipena egiten dute, Gurutze Gorriarekin eta DYArekin elkarlanean. Horrez gain, Iruñerrian hainbat anbulantzia medikalizatu eta larrialdi gune jartzen dira martxan, 24 orduko arretarekin. Sexmilok azaldu duenez, zerbitzuak ez ditu soilik kasu larriak artatzen, eguneroko kontsultak eta osasun aholkularitza ere eskaintzen du 112 zerbitzuaren bitartez.
Osasun sistemaren egoerari ere erreferentzia egin dio Sexmilok, bereziki, lehen mailako arretaren gainkargari. Haren esanetan, osasun sistema indartzeko giltzarria prebentzioa eta lehen mailako arreta sendotzea da, gaixoak garaiz artatzeko eta larrialdi zerbitzuen kolapsoa saihesteko.