Entzutekoak

“Teknologia neutrala al da?”

Euskalerria Irratia 2026ko ekainaren 19a

Teknologiak ez dira neutroak: diseinuek, materialek eta azpiegiturek eragina dute haien erabileran eta gizartean. Gai honi heldu dio Martintxo Etxaurik, adimen artifizialaren adibidea ere mahai gainean jarriz.

Teknologia neutrala eta objektiboa dela entzutea ohikoa da, bereziki, adimen artifizialaren inguruko eztabaidetan. Baina benetan hala da? Galdera honen inguruan hausnartu du Martintxo Etxauri, teknologian adituak.

Gaiari heltzeko, labana baten adibidea erabili du: tresna bera helburu oso ezberdinetarako erabili daiteke, kasu honetan, janaria prestatzeko edo mina emateko. Beraz, tresnaren bestelako ezaugarriei erreparatu behar diegu, izan ere, diseinuek, materialek eta ekoizpen-prozesuek garrantzi handia daukate tresnaren izaeran eta erabileran. Ildo honetatik, defendatu du teknologia ez dela erabiltzailearen esku dagoen tresna huts bat.

Horretarako, Langdon Winner ikerlariaren “Do Artifacts Have Politics?” entsegua ekarri du gogora. Bertan azaltzen denez, teknologia bakoitzak bere baitan gizartearen balio, interes eta antolaketa modu jakin batzuk txertatzen ditu eta, aldi berean, gizartea eraldatzeko gaitasuna du.

Hausnarketa hori adimen artifizialera ere eraman du Etxaurik. Egungo txatboten atzean dauden datuak, energia-kontsumoa, azpiegiturak eta diseinu erabakiak kontuan hartuta, zalantzan jarri du adimen artifiziala guztiz neutrala dela esatea. Digitaltxo saioan, teknologiaren inguruko ikuspegi kritikoa eta gogoetarako hainbat galdera mahai gainean utzi ditu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!