Pandemia garaitik 2024ra arte luzatu zen atsedenaldiaren ondotik, Izaki Gardenak indarberrituta bueltatu da musika eszenara. Orube diskoak markatu zuen itzulera hori, eta iaz plazaratutako Sitsak eman dio jarraipena. Kantu berriez gain, Johnny Cash, Gary Davis edota Benito Lertxundi izenak agertzen dira diskoa osatzen duten bertsioetan. Bluesarekin ere ausartu dira. Jon Basaguren taldeko sortzaile eta abeslariarekin errepasoa egin diogu azken argitalpenari.
Ostegunean arratsaldeko 20:00etan izanen den O-ko Andre Mariaren plazako kontzertan, azken diskoetako abestiez gain, beren ibilbidean plazaratu dituzten hainbat kantu berreskuratuko dituztela iragarri digu Basagurenek.
Kantu eta hitza, ekainaren 25a arte
Ekainaren 25era bitarte luzatuko da Iruñeko Udalak urtero antolatzen formatu txikiko kontzertuen zikloa. Ekainari hasiera emateko, Paxkal Irigoyen Xak Nafarroa Behereko abeslari eta musikari polifazetikoa igoko da taula gainera hilaren lauan. 2017an eman zuen argitara lehen diskoa, eta 2021ean, Bloñ taldea osatu eta Bañolet kantuz diskoa kaleratu zuen; azken disko horrek Maia Iribarne Olhagaraik eta Paxkal Irigoyenek berak zuzendutako Bañolet filmeko abestietako batzuk barne hartzen ditu. 2023an, “Piko” izen artistikoaz egin zituen emanaldiak. 2025eko maiatzean, Xak proiektu berria kaleratu zuen Paxkalek: sei abestiz osatutako album bat da, eta folk eta pop estiloak uztartzen ditu. Abestiak zuzenean aurkezte aldera, Irigoyenek boskote bat osatu du: Julen Etxeberri (bateria), Allande Etxeberri (baxua), Paul Covreur (gitarra eta mandolina) eta Uxue Olaziregi (gitarra akustikoa).
Ekainaren 11n Bisaiak talde nafarra arituko da; taldea 2023an abiatu zen eta reggaea du bere musika sorkuntzen ardatz. Honako hauek osatzen dute Iruñerrian sortutako taldea: Oier Alsua (baxua), Aitana Lakuntza (tronboia), Eneko Aguerri (bateria), Adriana Lorenz (saxofoia), Imanol Burguete (tronpeta), Arrate Bacaicoa (ahotsa), Xabier Olano (teklatuak) eta Irene Beltza (gitarra). 2025eko urrian Porlanezko lorea diskoa kaleratu zuten.
Bestalde, ekainaren 18an, Kaskezur laukoa igoko da taula gainera, Deus ez da ezer eta zerbait da disko berria aurkezteko; bost urte pasa dira azkeneko lanak kaleratu zutenetik. Instrumentuen soiltasuna eta soinuaren eraikuntza kolektiboa dira taldearen nortasunaren ikur 2008an sortu zenetik, hainbat lan kaleratu dituzte, eta guztietan rock klasikoarekin eta musika psikodelikoarekin esperimentatu dute. 2013an Ilgora diskoa eman zuten argitara: taldearen soinua behin betiko aldatu zuen, eta, hari esker, euskarazko rock alternatiboko eszenaren ateak ireki zitzaizkien.
Kantu eta Hitza zikloaren aurtengo edizioari amaiera Erromintxelak Arrasateko gypsy swing taldeak emango dio. Musikari hauek osatzen dute: Jon García (ahotsa eta gitarra), Iñigo Zubizarreta (manouche gitarra), Aitor Moreno (kontrabaxua), Jokin Vitoria (washboarda, bateria eta koruak), Daniel Apodaka (biolina) eta Andoni Aizpuru (saxo sopranoa). Swing eta gipsy estiloko musikan oinarrituta eta instrumentu akustikoak erabilita, publikoa dantzan jartzeko melodiak abesten dituzte euskaraz.