Ikustekoak

Mikel Urdangarin: "Bakarlari bezala oholtzara igotzen zarenean berezia da, konexio handia sortzen da publikoarekin"

Euskalerria Irratia 2026ko maiatzaren 26a

'Uhinak' emanaldia eskainiko du bihar arratsaldean Mikel Urdangarinek Katakrak aretoan. 2015etik ez zela bakarlari gisa aritzen, eta kantuak beren jatorrizko bertsioan berreskuratzeko eta hauek eszenatoki berezietan erakusteko gogoz dago

30 urteko ibilbidea, 20 disko eta taldearekin partekatutako eszenatoki kopuru kontaezin baten ondoren, Mikel Urdangarinek bidaia berri bati ekingo dio: Uhina. Eta bidaia hori bihar, asteazkenarekin, iritsiko da Iruñera, Katakrak aretora zehazki, arratsaldeko 19:00etan.  Jatorrira itzulera bat izanen da, artistaren, gitarraren eta publikoaren arteko elkarrizketa intimoa. Aukera paregabea abestiak jaio ziren bezala, bere erarik garbi eta funtsezkoenean entzuteko.

Urdangarinek azpimarratu bezala, bira hau erronka bat ere bada, nolabait. "Emanaldiak leku berezietara, ohiko eszenatokietatik kanpo eramateko asmoa daukagu. Izan liburu-dendak, museoak edo bestelako espazioak". Izan ere, eszenatoki handiagoetara eta taldearen babesarekin jotzera ohituta dagoen arren, bakarka jotzeak eskaintzen duen intentsitatera bueltatzeko gogoz ere badago abeslaria: "Biluzte moduko bat ere bada, nahiz eta ez zauden inoiz bakarrik: gitarra daukazu, kantuak eta hitzak dauzkazu, zer kontatu ere badaukazu. Baina egia da musikari bezala intentsoa dela, oso giro berezia sortzen da publikoarekin batera kontzertuetan". Sarrerak abeslariaren webgunean bertan eskuratu daitezke. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!