Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du etxebizitzaren arazoa “kapitalismoari berezkoa” zaiola. Gogorarazi dutenez, Euskal Herrian 8.000 pertsona baino gehiago bizi dira etxebizitzarik gabe, eta egunean hiru etxegabetze baino gehiago gauzatzen dira. Alokairu eta salerosketa prezioen igoerek okerren dauden gizarte sektoreei, sektorerik proletarizatuenei, eragiten die.
Testuinguru horretan kokatu dute joan den uztailaren 7an, San Fermin eguneko prozesioan, abestutako jota aldarrikatzailea. Balkoi batetik egindako ekimenaren bidez, Alde Zaharrean aste batzuk lehenago gertatutako bi etxegabetze salatu zituzten. Bi kasuetan herri erantzunak kaleratzeak atzeratzea lortu bazuen ere, egun batzuk geroago eta aurretiazko jakinarazpenik gabe etxegabetzeak gauzatu ziren. Ekimen edo kantu horrek, ordea, ondorio ekonomikoak ere ekarri ditu: Iruñeko Udalak sindikatuko bi kideri eta Gedar-eko kazetari bati 600 euroko isunak jarri dizkiete, guztira 1.800 euro, “herritarren segurtasuna asaldatzea” egotzita.
Halere, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik kulturaren eta artearen izaera politikoa aldarrikatu dute, eta gogorarazi dute jotak historikoki izaera “borrokalaria eta aldarrikatzailea” izan duela, baita sanferminetan ere. Horren harira, bihar, maiatzaren 23an Jota-ke jaialdia egingo dute Sanduzelaiko zubian, artea, musika eta klase elkartasuna uztartuz, errepresioaren aurrean elkartasuna antolatzeko eta zentsuraren aurkako mezua zabaltzeko.
Iker Narbona, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea, eta Omar, larunbateko jaialdian parte hartuko duen Arepas Kolektiboko kidea, Metropoli Forala saioan izan dira.