Larunbatean, maiatzaren 16an, KonArt arte komunitarioaren topagune bihurtuko da Iruñean. Bigarren urtez jarraian, jardunaldi honek argi du bere norabidea: “elkarren ondoan egotetik elkarbizitzara, eta hortik komunitatera beste pauso handi bat dago”. Antolatzaileek diotenez, bide horretan ari dira, “desioa errealitate bihurtu nahian”.
Ekimenaren atzean daude Baobab Danza, Musikagune eta Teatrodix Phestibal. Duela hiru urte elkar ezagutu zuten, eta konturatu ziren, bakoitza bere diziplinatik abiatuta, prozesu berdinak bizitzen ari zirela. Hortik sortu zen elkartzeko nahia: “arte diziplinen arteko zubiak sortuz joan gara eta oso aberasgarria da”.
KonArt jardunaldien muinean prozesua dago, ez emaitza. Arte komunitarioan parte hartu nahi izatea da baldintza bakarra: “ez da beharrezkoa zerbait egiten jakitea, soilik parte hartu nahi izatea”. Izan ere, haien hitzetan, “arteari komunitario abizena gehitzen zaionean, elitismoarekin apurtzen da. Demokrazia kultural baten izenean aktibismoa egiten dugu eta, azken finean, aktibismoa elkarrekin izatea eta sortzea da”.
Goizeko saioak CIVICANen izango dira, solasaldi eta mahai-inguruekin; arratsaldean, berriz, Pompelo Civivox espazioak hartuko du lekukoa, musika, dantza eta antzerki komunitarioaren erakustaldi batekin. Baina, antolatzaileek gogorarazi dutenez, “arte komunitarioetan garrantzitsuena ez da ikuskizuna egitea, muina komunitatea egitea da”.
Hiru eragileek —Baobab Danza, Musikagune eta Teatrodix Phestibal— argi dute jardunaldiaren funtsa: espazio seguru bat, adierazpen ezberdinek lekua izango duten topagune bat sortzea. “Denok dugu hitza gorputzean, musikan eta izatean”, diote.
Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiora Ainhoa Carrera, Miguel Nuño eta Arantxa Caminos hurbildu dira. Jaialdia antolatzen duten proiektuetako kideak dira eta jaialdiaren muinaz, egiteko moduaz eta larunbateko programazioaz hitz egin digute.