Interneten eta sare sozialetan gehiegi murgiltzea ez da osasunerako ona, eta mundu digitalaren erabilerak eragiten dituen jokabide desegokiak gero eta nabariagoak dira. Buruko osasuna eta egungo errealitate digitala aztertu ditu David McCandless ikerlariak, eta fenomeno horiek azaltzeko InterMental webgunea sortu du. Bertan, gaur egungo bizimodu digitalarekin lotutako portaera eta kontzeptu berriak bildu ditu.
Jokabide horietako batzuk azaldu dizkigu Martintxo Etxauri teknologia adituak. Esaterako, “Smart Tic” izeneko joera: bakardade edo isiltasun une oro telefonoarekin betetzeko konpultsioa. Edo “Hollow Flow” delakoa: interneteko jarduera bukaezin eta automatikoa, emaila, sare sozialak eta mezularitza aplikazioak etenik gabe begiratzera eramaten gaituena.
Beste fenomeno ezagun bat F.O.M.O. da, hau da, sareetan zerbait galtzeko beldurrak sortzen duen antsietate sotila. Kontrara, gero eta gehiago aipatzen da J.O.M.O. ere: planak bertan behera geratu eta etxean, mugikorraren edo pantailaren aurrean, geratzeko sortzen den “lasaitasun” edo plazer sentsazioa.
Adituen arabera, estimulu digitalen gehiegizko kontsumoak saturazio mentala ere eragin dezake. “Infoglut” edo “Screen Burn” bezalako egoerek informazio gehiegi kontsumitzearen ondoriozko nekea eta gainkarga kognitiboa deskribatzen dituzte.