Sanferminak 2026

Lehen Hezkuntzako ikasleek txupinazoa jaurtiko dute Iruñeko udaletxetik sanferminetan

Euskalerria Irratia 2026ko apirilaren 16a

Uztailaren 10ean izanen da, sanferminetako Haurren Egunean. Txupinazoa jaurtiko duen ikastetxea zozketa bidez erabakiko da, haurrak hiriaren hobekuntzan proposamenak egiten dituztenen artean: artelan plastikoak aurkeztu beharko dituzte. 

Iruñeko haurrak sanferminetako une ikonikoenaren parte izan daitezen, Udalak, Haurren eta Nerabeen Mahaiak proposatutako ideia bat oinarri hartuta, 2026an 'Txupinazo Txikia' ospatzeko ekimena abiatu du: Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleak izanen dira protagonista. Txupinazo hori Udaletxeko balkoitik jaurtiko da Joseba Asiron Saez alkatearekin batera, uztailaren 10ean, 12:00etan, festen programako Haurren Egunarekin bat eginez. 

Alkateak berak eta Zaloa Basabe Gutiérrez Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako eta Kultur Aniztasuneko zinegotziak aurkeztu dute proposamena, haurrak ere festetan protagonista izateko xedez. Hala, hiru haurrek jaurtiko dute 'Txupinazo Txikia', eta, uztailaren 6koarekin alderatuta, egitura eta ezaugarri berberak izanen ditu. ‘Pamploneses, pamplonesas ¡Viva San Fermín! Iruindarrak, Gora San Fermín!’ esaldia esanen duten haurrak aukeratzeko, Iruñeko Udalak hiriko ikastetxeen laguntza eskatu du. 

Horretarako, Udalak Iruñeko ikastetxe guztiei helaraziko zaien hezkuntza-jarduera bat osatu du. Jarduera Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleei zuzenduta dago, eta ikasketa, parte-hartze komunitarioa eta azterketa uztartzen ditu. Azken finean, maila horietako ikasleak hauspotu nahi dira hiria birpentsatzeko xedez eta Iruña atseginagoa, irisgarriagoa eta integratzaileagoa izan dadin zer hobetu daitekeen hautemateko. Maila horietako ikasleek hiria hobetzeko proiektuak planteatuko dituzte grafikoki, ikasgeletan eginen diren hiru lan-saiotan. 

Jasotako ekarpen guztien artean zozketa bat eginen da 'Txupinazo Txikia' zein ikastetxek eta zein ikasgelak jaurtiko duen jakiteko. Ikasgela aukeratutakoan, hiru ikasle izendatuko dira 'Txupinazo Txikian' ikasgelaren ordezkari ofizialak izateko; hala ere, ikasgelako gainontzeko ikasleak ere Udaletxera gonbidatuko dituzte une paregabe hori zuzenean eta barrutik bizi dezaten. 

Ikasgela bat, proiektu bat
Hezkuntza-proiektuaren helburuetako bat ikasleen pentsamendu kritikoa, enpatia eta sormena sustatzea da. Horregatik, garrantzitsuena ez da azken emaitza, baizik eta prozesua: hizketa, entzutea, begirada partekatua eta guztien arteko ikasketa. 

Horrexegatik, helburua ez dira banakako proiektuak, ikasgelan talde-lan bat egitea baizik. Hala, ikastetxe bakoitzak ikasmaila bakoitzean dituen talde adina proiektu aurkezten ahalko ditu. Proiektuak fitxa didaktiko bat barne hartuko du, eta bertan hautatutako proposamenaren nondik norakoak azalduko dira modu bisualean, DIN A3 formatuan, kartoi meheak erabilita: askotariko teknikak erabiltzen ahalko dira, hala nola marrazkia, collagea, horma-irudia eta estilo libreko teknika mistoak. Azken finean, xedea da hiria hobetuko duen proposamen hori eskuz, modu sortzailean eta grafikoki irudikatzea.

Prozesuan, ikastetxeek eta ikasleek Iruñeko Udalak egindako unitate didaktiko baten laguntza izanen dute. Ildo horretan, Udalak irakasleendako gida bat eta ikasleendako dokumentuak sortu ditu. Irakasleendako gidan xehe-xehe azaltzen dira helburuak, eta, hori gutxi balitz, landu nahi diren gaitasunak proposatzen dira: besteak beste, herritar-gaitasunak, pertsonalak, sozialak, komunikazioarekin lotutakoak, ekintzailetzakoak, artistikoak eta kulturalak. Proiektuak erronketan oinarritutako ikaskuntza eta Design Thinking metodologiak ditu inspirazio-iturri, eta enfasi handia jartzen du behaketan, enpatian, finkapenean, ideietan eta komunikazioan. Prozesu guztian zehar, laguntzeaz, galdetzeaz eta elkarrizketa errazteaz arduratuko dira irakasleak, behatzeko modu jakin bat irakasteko.

Jarduerak hiru lan-saio izanen ditu. Lehenengoan, behaketa egitea eta ikasleengan hiriko bizitzarekiko jakin-mina piztea dira helburuak. Horretarako, lau agertoki proposatzen dira, hirian ohikoak diren guneen lau argazki. Hala, marrazki batek osasun-zentroa bat eta bertara joaten den jendea irudikatzen ditu. Beste batek, ikastetxeko patioa. Hirugarrenak, hiriko kaleak eta plazak eta laugarrenak, autobus baten geralekua. Irudi horiei guztiei buruz bi galdera planteatzen dira: Zer behar dute argazki horietan agertzen diren pertsonek? Zer egin dezakegu guk haiei laguntza emateko?

Bigarren saioan, ikasleek hobekuntzak egiteko ideia jakin bat zehaztu beharko dute, guztiek batera. Egin daitezkeen ekintzak zehaztu eta ideiaren zirriborro bisuala sortuko dute. Azkenik, hirugarren saioa sormen-ideia hori garatzera egonen da bideratuta: taldekako lan libre bat irudikatu beharko dute, DIN A3 formatuan. 

Maiatzaren 29ra arte.
Interesa duten ikastetxeek apirilaren 16tik (osteguna) aurrera aurkezten ahalko dituzte proposamenak, maiatzaren 29ra arte. Aurrez aurre aurkezten ahalko dute hori udal-erregistroan (Descalzos kalea 72) eskabide bat aurkeztuta; modu elektronikoan ere aurkezten ahal da, erregistro telematikoaren bidez. Dena den, kasu horretan ere, proiektua DIN A3 formatuan entregatu beharko da Descalzos kaleko 72. zenbakian, ikastetxea, ikasmaila eta ikasgela adierazita. 

Proposamen guztiak jaso ondoren, Kulturako, Hezkuntzako, Ekintza Komunitarioko eta Haurtzaroko udal-teknikariez osatutako epaimahai batek adierazitako baldintza guztiak betetzen direla aztertuko du. Hauek dira baldintza horiek: proposamen erlijiosoak eta proposamen politiko alderdikoiak ez izatea, interes pribaturik ez izatea eta giza eskubideak ez urratzea. Era berean, ez dira onartuko indarkeriazko jarduerak babestu eta legeztatzen dituzten proposamenak, ezta jokabide eta ekintza matxista, LGTBIfobiko edo arrazistak sustatzen dituztenak ere.

Onartutako proposamen guztiekin zozketa bat eginen da ekainaren 5ean. Zozketa horri esker jakinen da zeintzuk diren parte hartuko duten ikastetxea eta ikasgela. Udala ikastetxearekin harremanetan jarriko da zozketaren emaitzaren berri emateko. Hasiera batean proposatutako ikasgelak ohiz kanpoko arrazoiengatik ‘Txupinazo Txikia’ jaurti ezin badu, berriz ere eginen da zozketa hautagai diren proiektuen artean.

Aurkeztutako lan guztiak erakusketa batean egonen dira ikusgai, udal-bulegoetan. 


‘TXUPINAZO TXIKIA’

  • Nori zuzendua: Iruñean dauden ikastetxe guztiei, betiere Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. maila irakasten badute.

  • Nola parte hartu: hiria hobetzeko proposamen bat aurkeztu behar da, eta talde-lanean landu beharko da proposamen hori ikasmaila horietako ikasgela guztietan.

  • Epea: lanak apirilaren 16tik maiatzaren 29ra bitarte aurkeztu beharko dira.

  • Hautaketa: ekainaren 5ean zozketa eginen da parte hartuko duten ikasgela guztien artean.

  • Txupinazo Txikia jaurtitzeko data: uztailak 10, Udaletxetik, Haurren Egunaren karietara eta sanferminetako festa-programaren barruan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!