Entzutekoak

“Flotilla hau ez da soilik Palestinaren aldekoa, inperialismoaren aurkako ekimen erraldoia da”

Euskalerria Irratia 2026ko apirilaren 10a

Igandean itsasoratuko da milaka herritarrek eta ehun itsasontzi baino gehiagok osatuko duten Global Sumud Flotilla. Bartzelonako portutik abiatuta, Palestinako setioa haustea, laguntza humanitarioa helaraztea eta inperialismoaren aurka altxatzea dira helburu nagusiak.

Hilabeteak dira itsasontziak prestatzen jende ugari Bartzelonako portuan lanean dabilela. Aldi berean, ekintza hau antolatzeko mundu mailan lantalde ugari dira biltzen direnak. Milaka herritarrek eta ehun itsasontzi baino gehiagok osatuko dute, igande honetan abiatuko den, Palestinaren aldeko inoizko flotillarik handiena. Itsasontzietan joango diren pertsonak ekintzaren punta besterik ez dira. Itziar, Global Sumud Flotilla Euskal Herriko Asanbladako kidea: “Ekintza erraldoi honen atzetik milaka eta milaka pertsona gaude eta flotillari sostengua adieraztea bada ere Palestinari elkartasuna adieraztea. Adi ditugu palestinarrak eta, berriz ere, erakutsi behar diegu ez ditugula bakarrik uzten”.

Bartzelonako portutik abiatuta, Palestinako setioa haustea, laguntza humanitarioa helaraztea eta inperialismoaren aurka altxatzea dira ekimenaren helburu nagusiak. “Palestinaren aurkako genozidio horrek bestelako dimentsioa hartzen du azkeneko asteotan ikusten ditugun gerra hotzekin, orduan ozen aldarrikatu nahi dugu ekintza hau ez dela soilik Palestinaren aldekoa baizik eta inperialismoaren aurkakoa”.

Euskal Herritik ere parte-hartze eta mobilizazio sare zabala dago, eta boikot ekonomikoaren garrantzia azpimarratzen da gatazken aurrean presio tresna gisa. “Gure erosketa gurditxoekin erosten dira beraien gerrarako tankeak eta egunero supermerkatuetan edo dendetan boikot ekonomikoa izan dela arma eraginkor bat beste gatazka batzuetan. Orain da sionismoari kalte egiteko modurik egokiena, azken finean, sionismoa, kapitalismoa eta faxismoa sinonimoak direlako”.

Inurri lan erraldoia dago, Palestinaren alde eta inperialismoaren aurka altxatzen den, nazioarteko elkartasun ekimen honen atzean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!