Desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien artean hezkuntza eskubideei buruzko zalantzak gero eta ohikoagoak direla ikusita, CERMIN, Desgaitasunak dituzten Nafarroako Pertsonen elkarteak, errealitate hori aztertzeko txosten bat landu du. Txostena osatzeko, hezkuntza inklusiboari buruzko araudia eta datuak aztertu dituzte baina, batez ere, errealitate hau bizi duten pertsonen ahotsak jaso nahi izan dituzte. Horretarako, familiek eta desgaitasuna duten gazteek parte hartu dute eztabaida taldeetan, beren esperientziak eta kezkak azaltzeko. Gainera, familiei egindako inkesten bidez informazio osagarria bildu da.
Ondorioek agerian uzten dute familia askoren kezka nagusia seme-alabek baldintza berdinetan ikasi ahal izatea dela. Horrela adierazi du Rebeca Ballesta, elkarteko hezkuntzako lan-taldeko kideak: “Pedagogia terapeutikoko edo hezkuntza-saio gehiago eskaini behar dira. Baliabideak ez dira beti iristen ikasleek behar duten momentuan eta, askotan, behar dutena baino arreta gutxiago jasotzen dute”.
Bestalde, txostenak nabarmentzen du hezkuntza eskubideen inguruko ezjakintasun handia dagoela, bai familien artean bai hezkuntza komunitatean orokorrean. Horren ondorioz, familiek askotan informazioa beren kabuz bilatu behar izaten dute, orientazio egokirik jaso gabe. Halaber, txostenaren helburu nagusia ez bazen ere, kezka garrantzitsu bat agertu da, “eskolan desgaitasuna duten erasoen prebalentzia agerian geratu da eta uste dugu honi gogor heldu behar diogula”.
Egoera honen aurrean, hainbat neurri proposatu ditu erakundeak: hezkuntza eskubideei buruzko gida bat sortzea, familiekin komunikazio eta koordinaziorako protokoloak ezartzea, baliabide pertsonal eta materialak handitzea eta ikastetxeetan aniztasunaren arretan erreferente izango den figura bat sortzea.
CERMIN elkarteko Rebeca Ballestak nabarmendu nahi izan du Nafarroako hezkuntza sistema inklusiboa bada, irisgarritasuna eta baliabideen banaketa hobetu behar direla. Helburua argia da: ikasle guztiek, beren egoera edozein dela ere, aukera berdinak izatea ikasteko eta eskolako bizitzan parte hartzeko.