Osteguna dugu baina astelehenari begira jarriko gara, izan ere literatura garaikidea eta idazketa terapeutikoa uztartuko dituen tailer interesgarri bat abiatuko da Laban. “Sendatzen duten hitzak” izenburupean, Hasier Larretxeak musika eta hitza uztartuko dituen espazioa gidatuko du. Norberaren bizipenak konpartitzeko espazioa izango da, idazketatik haratago joanen dena. Astelehenean izanen da lehenengo saioa eta beste bost saiorekin osatuko da tailerra. Izen-ematea, bestalde, irekita dago eta doakoa da.
Saioetan, parte-hartzaileek euren "barne narratibak, bizipenak eta esperientziak" jorratuko dituzte idazketaren bitartez, naiz eta idaztea ez den halabeharrezkoa beti. Izan ere, "ez dago idazle onik edo txarrik, hemen bakoitzak bere hitza du, eta hitz hori baliotsua da". Orain arte hainbat liburutegi eta zentrotan eman du tailerra Larretxeak, tartean Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan ere, eta "esperientzia eraldatzaile bat" dela azpimarratu du. "Nire lana gidari izatea izan da, osasun mentalaren inguruan mintzatzen diren literatura testuak eskainiz eta musikaren bitartez momentu argitsuak ere bilatuz".
"Literatura garaikidea abiapuntu hartuta eta musika lagun dugula, idazketa ariketa gidatuak egiten dira saio bakoitzean", azaldu du. Kirmen Uribe, Eider Rodriguez, Piedad Bonnett, Lierni Azkargorta, Iosune de Goñi, Uxue Juarez, Jon Gerediaga, Angel Erro, Oihane Garmendia eta bertze egile batzuen testuak irakurriko dira, mina, trauma, memoria eta ahanztura lantzen dituztenak. Musikak —Ludovico Einaudi, Max Richter, Ólafur Arnalds eta beste musikari batzuk— gogoetarako eta idazketarako giroa sortzen lagunduko du. "Saio bakoitzak bi ordu irauten ditu eta partekatzea beti borondatezkoa da. Garrantzitsuena prozesua da".
Larretxeak osasun mentalaren arloan lan egin du azkeneko urteotan, idazle jardunarekin tartekatu duena. Bere ibilbidean barneratutako guztia lanabes bilakatu du tailerretan: "Zaurgarritasunetik bilgune bat eratzea lortu dugu, goxoa, hurbila eta errespetuzkoa". Osasun mentalaz "harrotasunez" hitz egitea ere erdietsi duela azpimarratu du, izan ere, idazketa bada "barne-korapiloak, mamuak eta bestelakoak askatzeko modu bat".