Entzutekoak

Zaloa Basabe: “Zaintza-sistema familiarista eta merkantilista eraldatu beharra dago”

Euskalerria Irratia 2026ko martxoaren 4a

Zaloa Basabe, Berdintasun ataleko zinegotzia, Iruñeko Udalak eremu honetan garatzen dituen lan ildoetaz mintzatu zaigu. Bide batez, azpimarratu nahi izan du ezinbestekoa dela matxismoa ez normalizatzea eta ematen diren harreman jerarkiko guztiak ezbaian jartzea.

“Beste mundu bat feminismotik’, aurten, mugimendu feministak aukeratu duen leloa da. Feminismoa alternatiba integral gisa planteatzen da. Herri mugimendua izateaz gain, botere guztiak seinalatzen dituen praktika teoriko- politikoa da. Iruñeko udalari erreparatuta, Berdintasun sailaren plangintza lau eremuetan banatuta dago: administrazio publikoei eragiten dien gobernantzaren lan esparrua, emakumeen partaidetza politikoa handitzeko eremua, indarkeria matxista eta zaintza sistemaren arreta.

Ekintza sozialaren barruan indarkeria pairatu duten emakumeei eskinitako zerbitzua dago. Bertan aholkularitza juridikoa eta psikologikoa eskaintzan dute eta, aurten, genero indarkeriaren testuinguruan bizi diren haurrei bideratutako arreta epezializatua jarri dute martxan. Kolaborazio lanetan eta udal alorren arteko lankidetzak urrats handiak eman badira ere, oraindik, migratzaileengana edo kalteberatasun-egoeran dauden emakumeengana iristeko oztopoak gainditu behar dira eta, Iruñeko udaletik, horretan lan egiten ari direla azpimarratu du Zaloa Basabe, Berdintasun ataleko zinegotzia: "Gure baliabide guztiak hizkuntza ezberdinetan ditugu eta emakumeen etxean arreta zerbitzu espezifiko bat irekiko dugu emakume migranteei bideratuta, batez ere, tituluen homologazioa eta enpleguaren esparruko gaiak kudeatzeko".

Soldata arrakala, sektoreen feminizazioa edota zaintza lanari bere osotasunean erreparatu beharraz aritu da Basabe eta, oraingoan, tarte bat eskaini dio ere eremu digitalean eta, batez ere, gazteen artean indartzen ari diren jarrera matxistak. "Oso kezkagarria da sareetan ematen den indarkeria matxista. Eremu birtual batean ematen da, baina gero ondorioak errealak dira. Betiko mekanismo matxistak pizten dira eremu digitalean".

Amaitzeko, Zaloa Basabek nabarmendu nahi izan du, azken urteetan, aurrerapauso asko eman direla baina oraindik egiteko lan handia dagoela. Ezinbestekoa dela matxismoa ez normalizatzea eta ematen diren harreman hierarkiko guztiak ezbaian jartzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!