Entzutekoak

Edurne Turrillas: "Emakume askok militantzia uzten zuten seme-alabak zituztenean, gizonek aldiz ez”

Euskalerria Irratia 2026ko martxoaren 2a

Edurne Turrillas, historialariak, Iruñeko industria-ingurunetik frankismo berantiarrean eta Trantsizioan langile-mugimenduan aktiboki parte hartu zuten emakumeen memoria berreskuratu du ikerketa batean.

Edurne Turrillas Buenok Historia eta Ondarean gradua egin zuen NUPen eta, gero, master bikoitza Bigarren Hezkuntzako Irakasletzan eta Historian eta Memorian. Bere master amaierako lanari erreparatu diogu: "Fabrika, kalea eta zaintzaren artean: emakumeak Nafarroako mugimendu sozialetan frankismo berantiarrean eta Trantsizioan".

Iruñeko industria-ingurunetik frankismo berantiarrean eta trantsizioan langile-mugimenduan aktiboki parte hartu zuten emakumeen memoria berreskuratzen duen ikerketa da. Bertan berak aipatzen du "hutsune historiografikoa" dagoela Nafarroan, langile mugimenduaren bidez emakumeek frankismoaren aurkako borrokan izan zuten parte-hartzeari buruz eta zeregin handi horretan jarri nahi izan du fokua. “Eremu publikoan egiten zituzten ekintzak, gizonezkoek bezala. Esaterako, manifestazioetan parte hartzea, grebak edo piketeak egitea… Baina beste ekintza batzuk egiten zituzten ere, hala nola, janari bilketak, familiaz eta etxeko zaintza lanetaz arduratu edo jendea etxean ezkutatu”.

Eremu publikoetatik kanpo ematen dena ez da askotan artxibo ofizialetan edo idatzietan jasotzen. Eta emakumeak, batez ere, eremu pribatuera bultzatu ditu gizarteak. Egoera honen aurrean testigantza zuzenak oso garrantzitsuak izan dira eta, horregatik, ikerketa Iruñeko inguru industrialeko lau emakumeri egindako elkarrizketa sakonetan oinarritzen da. Lanaren izenburuak fabrikaz, kaleaz eta zaintzaz hitz egiten du. Militatzia bikoitza edo hirukoitza emakumeek askotan egin behar zutena.

Edurne Turrillasek ikerketa hau oinarri hartuta tesi bat garatzen ari da. Eta nabarmendu nahi izan du iraganean emakume langileek egindako borroka kolektiboari esker lortu ditugula gaur egun ditugun eskubide asko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!