Entzutekoak

Beñat Ziganda: “Auzolanaren eta langile klasearen mesederako herri egiturak sortu behar dira”

Euskalerria Irratia 2026ko otsailaren 16a

Arrotxapean Muskerra herri gimnasioa egokitzen ari dira, Marcelo Celayeta kaleko 74. zenbakian. Elhadjiko Batzarrak espazioa abenduan eskuratu zuen eta ordutik, auzolanaren bitartez, garbiketa eta egokitzapen lanetan ari dira. Martxoan aurkezpena egingo dute, espazioa egokitua eta entrenamenduak martxan daudenean.

Ia dena negozio bihurtzen den une honetan, baita kirola, zaintza eta denbora librea ere, Arrotxapean logika honen kontra doan proiektu berezia martxan jarri dute. Muskerra herri gimnasioa da. Gune autogestionatua, auzotik eta auzoarentzat eraikia, komunitatean fokua jarri nahi duena. Beste eredu posible honetaz, atzean dagoen ahaleginaz eta Iruñean horrelako proiektu bat eraikitzeak suposatzen duenaz hitz egiteko Beñat Ziganda, proiektuko kidea, Metropoli Forala saiora hurbildu da. “Proiektu hau sortzen da Elhadji espazio autogestionatutik. Ikusten genuen espazio aldetik txikia geratzen ari zitzaigula. Hogeita hamar urte baino gehiago hutsik zeraman espazio batera sartzea erabaki genuen eta Muskerra gimnasio komunala sortzea”.

Abenduan espazioa eskuratu eta auzolanaren bidez garbiketa eta egokitzapen lanekin dihardute. Momentuz kirol entrenamenduak Elhadji gunean egiten dituzte,  astelehenetan eta asteazkenetan, baina hemendik hilabete batera Muskerra herri gimnasiora eramatea espero dute. Palestran, kontaktuzko kiroletan, zentratutako gimnasioa izango da eta rokodromo bat ere izango du.

Proiektuaren helburu nagusietako bat logika kapitalistatik kanpo kirola egiteko espazio bat sortzea da. “Uste dugu herri egiturak sortu behar direla bizitzeko beste modu batzuk planteatzeko”. Enpresarien etekin ekonomikoa helburu duten gimnasio ugari irekitzen ari diren une honetan, “logika ezberdin batetik auzolanaren eta langile klasearen mesederako ezinbestekoa den kirola sustatzeko proiektu hau aurrera eraman nahi dugu”.

Bide horretan, espazio seguru bat izateko eta emakumeentzako, pertsona arrazializatuentzako eta LGTBIQ+ kolektiboko kideentzako espazio eroso bat bermatzeko lan egiten ari dira ere. “Entrenatzaile batzuk emakumeak dira eta etorkizun batean entrenamendu ez mistoak egingo ditugu”.

Maiatzaren 27an eta 28an proiektua aurkeztuko dute eta ordurako lekua egokituta izatea eta entrenamenduak martxan izatea espero dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!