Nafarroara iristen diren pertsona migratu askorentzat hasiera ez da batere erraza. Administrazio-tramite ezezagunak, hizkuntza oztopoak, erroldatzeko zailtasunak edota etxebizitza aurkitzeko arazoak. Errealitate honen aurrean, Nafarroan, Pertsona Migratuentzako Informazio Gunea sortu zuten eta bertan boluntario ugari lanean ari dira. 2019an hasi ziren administrazioak erabiltzen duen hizkuntza konplexua itzultzen eta, ordutik, geroz eta zerbitzu gehiago eskaintzen dituzte. Iratxe Espartza Chueca, Pertsona Migratuentzako Informazio Guneko kidea: “Informazioaz gain, jantoki zerbitzua eta gaztelera klaseak eskaintzen dugu, eta bidean egin beharreko tramiteetan lagundu ere egiten ditugu”.
Iruñerrian berrehun bat pertsona kale gorrian bizi dira. Taldekoek salatu dute etorkinak artatzeko zerbitzu publikoek gabezia handiak dituztela eta ez direla nahikoak. Iratxe Esparzak pertsona migratuen egoerak okerrera egin duela azpimarratu du. “Lehen bidali ahal genituen jantokietara edo hiriko aterpeetara. Gaur egun etortzen diren gehienak kalean bizi dira eta ez dute laguntzarik jasotzen. Errolda da duten arazorik handiena eta, orokorrean, beraien egoera okerragoa da”.
Aurreko astean, Espainiako Gobernuak egoera administratibo irregularrean bizi diren pertsona migratzaileei zuzendutako erregularizazio berezi bat jarri zuen martxan. Neurriaren helburua pertsonek bizileku eta lan baimena eskuratzeko aukera izatea edo prozesu hori erraztea da. Begoña Alfarok, Nafarroako Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilariak, eskainitako elkarrizketa batean adierazi zuen Gobernu foralak albistea baikortasunez jaso duela, eskubideen eta inklusio-politiken arloan aurrerapauso handia delakoan. Zifra zehatzak ematea zaila dela onartu arren, erregularizazio berezi honek Nafarroan 10.000 pertsona ingururi egin liezaioke mesede.
Iratxe Espartza positiboa da aldaketarekin, baina egoeraren konplexutasunari erreparatu beharraz ohartarazi du: “Hemen bizitzen denbora bat eramaten dutenentzat agitz positboa izan daiteke, modu legalean lan egiteko eta aurrera egin ahal izateko. Baina, denbora gutxi daramaten edo kalean bizi diren horiek ikusi beharko da tasa horiek ordaintzeko aukera duten eta zer aukera dituzten. Berri ona da baina gero ikusi beharko da praktikan nola gauzatzen da”.
Pertsona Migratuentzako Informazio gunea astelehenero zabalik dago, 18:00etatik 19:00etara, Iruñeko Alde Zaharreko Plazara gunean.