Entzutekoak

Eñaut Zubizarreta (Trigger): "Aretoetatik kanpo jendea harritzen da, baina gustura hartzen dute proposamena"

Bidane Beloki Ezker 2026ko urtarrilaren 29a

Biolentxeloa eskuartean eta pedalak oinetan sortzen du gehienetan musika Zubizarretak. Estilo klasikotik aldenduta, bestelako lengoaiak txertatuta eta aretoak ez diren espazio berezietan egin ohi ditu bere sorkuntzak musikaria. Arratsaldeko 20:00etan Zaldiko Maldikon arituko da gaur; ondotik, Markel Gomez 'BIDE' ere entzuteko aukera izanen da.

Musika klasikoarekin lotua izan den arren, Eñaut Zubizarretak bere buruari ez ezik, publikoari erakutsi dio biolontxeloa kalera atera daitekeela eta bestelako soinuekin uztartu. Trigger izenaren azalean eta txeloa eskuartean arituko da gaur Aretxabaletako musikaria Zaldiko Maldiko elkartean.

Goi Mailako Musika ikasketak egin zituen musikariak, estilo klasikoan gainera, eta formakuntzako lau urteak amaituta, txeloarekiko harremana aldatu eta berrasmatu nahi izan zuen Zubizarretak: “Saiatzen naiz musika klasikotik aldentzen eta bestelako lengoaia bat erabiltzen”. Gaztetxeetan, tabernetan eta bestelako espazioetan jotzen saiatzen da, “jendea harritzen da, baina gustura hartzen dute proposamena”.

Gainera, horrelako espazioetan aritzea gustatzen zaio musikariari. Izan ere, dioen bezala, “askoz erosoago sentitzen dut nire burua horrelako espazioetan aretoetan baino”.

Gaurkoa, Zubizarretaren lanaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izanen da, bere sorkuntzaren argazki bat egiteko aukera. Arratsaldeko 20:00etan izanen da emanaldia Zaldiko Maldikon, eta haren ondotik Markel Gomez BIDE entzuteko aukera izanen da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!