Inoiz galdetu diozue zeuen buruari nolakoa den Iruñea? Nolakoa zen Iruñea duela zenbait hamarkada? Eta nolakoa izango den etorkizunean? Bada Iruñaren erradiografia bat proposatzen du Monodrama Teatrok.
Hiriak azken 25 urteen inguruan izan duen bilakaerari begiratzen dio konpainiaren azken lanak. Iruña 2.0 du izenburu eta datorren asteburuan aurkeztuko dute Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan. Itsaso Etxeberria, Angel Sagües eta Garazi San Martin daude kontakizun honen atzean.
Obraren abiapuntua Txarli Tximinoa da, hiriaren memoria kolektiboan txertatutako pertsonaia. Eszenan, Garazi San Martinen eskutik, Karabi Karaba izeneko izaki bilakatzen da Txarli. “Fantasiaz eta ukitu kafkiarraz” kontatzen du historia. Hala ere, San Martinek baieztatu du “Iruñetik kanpo ere ulertu eta kokatu daitekeen” kontakizuna dela.
Bere ondoan, aurkezle batek, Itsaso Etxeberriak, gidatuko du ekintza elkarrizketa baten bitartez eta dokumentala uztartuta. Gertatutako une historikoen errepasoa egingo dute. Bidaia “errusiar mendi bat bezalakoa da”, dio Etxeberriak. Bizitzan bezala “oreka” behar da eta horretatik asko du obrak.
Otsailaren 7an eta 8an estreinatuko dute lana Nafarroako Antzerki Eskolan, arratsaldeko 19:00etan.