Energia eta komunikazioa bi bide oso zabal dira eta askotan ez ditugu gertuko sentitzen. Goiener eta Izarkom kooperatibak ordea, hortaz arduratzen dira. Bertako zerbitzu eraginkor, irisgarri eta zintzo bat emateaz.
Goiener kontsumo kooperatiba herritarra da, irabazi asmorik gabekoa, euskal herrikoa eta euskalduna. "Gaur egun energia batez ere elektrikoa, oinarrizko ondasunak bilakatu da, ura eta elikagaiak bezain beharrezkoa, eta Goienerrek daukan helburua da herritarrok oinarrizko ondasun horren kontrola berreskuratzea eta horren garrantziaz jabetzea", azaldu du Goienerreko Oihane Iragik.
Irabazi asmorik gabeko kooperatiba izanik, etekinak berriro ere kooperatiban inbertitzen dute eta bazkideen ekarpenei esker egiten dute aurrera. 2012an sortu zen Goiener 30 boluntariorekin eta 2025. Urtea 20.000 bazkiderekin eta beste hainbeste kontraturekin itxi zuten. Eta bide onaren seinale ere bada Iruñean zabaldutako bulegoa, bazkideentzako aurrez aurreko arreta eskaintzen duena.
Goiener Kale Berrian dago, hamargarren zenbakian, eta egoitza konpartitua da: komunikazio alorrean aritzen den beste kooperatiba batekin, Izarkomekin. Ekimen euskaldunak eta herrikoiak izateaz gainera, partekatzen duten beste helburuetako bat herritarren ahalduntzea da. Gainera, lankidetza modu naturalean sortu zela aitortu dute.
Izarkomek komunikazioan lan egiten du. Telekomunikazio operadore bat da, azpiegitura, zerbitzu eta baliabideak eskuratzea helburu duen ekimena da. Iker Garaialde Izarkomeko kideak azaldu moduan, "zerbitzu publiko bat izan beharko lukeela uste dugu baina enpresek soilik eman dezaketenez zerbitzu hau, enpresaren konptzeptuaren buelta eman eta kooperatiba bat sortu genuen".
Asmo eta helburu amankomunak, eta hemendik aurrera Iruñean ere, egoitza partekatua. Datorren ostegunean, urtarrilaren 22an egingo dute irekiera ekitaldia, edonor animatu dute musikaz eta jatekoaz gozatzera eta proiektuen inguruan gehiago ezagutzera.