Samira Calvo: "Hamasei lagun hartuta ez dugu egoera errotik eraldatuko, baina bada lehen pauso bat antolakuntza sarea osatzeko"

Euskalerria Irratia 2026ko urtarrilaren 8a

Etengabeko trabak, burokrazia eta bete ezin diren promesak eskaintzen dizkiete kalean bizi diren pertsonei. Ezin zaie harrera egin pertsona guztiei, baina “aurretiazko planifikazioarekin eraginkorragoa da eman daitekeen arreta”. Momentuz, autogestioa, elkarlana eta elkartasun sareari esker aterpea eman diete 16 gazteri, Katakraken eta martxoaren 31ra arte aurreikusi dute mantentzea eskaintza.

“Pertsonen bizitza eta bizi baldintzak daude jokoan eta horrek ezin du paper batek baldintzatu”. Argi du Samira Calvo Negu Gorriak ekimeneko kideak. Egoerari “foku sozial eta politikoa jartzea” erabaki eta irtenbide bat ematen saiatu dira hainbat eragile kolektiboki Negu Gorriak - Derecho a techo ekimenaren bitartez. Urtarrilaren 4ko gauen hasi ziren pertsonak artatzen eta une honetan 16 pertsonak jaso dute lo egiteko espazio duina, baita gosaria ere. Izandako “harrera ona” eskertu du ekimeneko kideak eta animatu ditu bestelako eragileak edozein ekarpen egitera.

Datu ofizialek diotenez 200 pertsona daude kalean etxegabetasun egoeran, baina Negu Gorriak egitasmotik uste dute 250 inguru edo gehiago izan daitezkeela eta guztiei irtenbide ematea, ezinezko zaiela. “Argi dugu hamasei lagun hauek hartuta ez dugula egoera errotik eraldatuko, baina bada lehen pauso bat antolakuntza sare bat osatzeko eta kontzientzia politikotik antolatzeko”, azaldu du Calvok.

Hotzaldiak ez ezik, azken asteotako albisteek ere jarri dute gaia erdigunean. Izan ere, arazoa ez da soilik Iruñean gertatzen den zerbait, baizik eta sistemikoa den zerbait da. Hartara, Calvok gogorarazi du baliabideak eskura egon daitezkeela baina horretarako aldeko jarrera dela abiapuntua: “aurretiazko planifikazioarekin eraginkorragoa da eman daitekeen arreta”.

Muturrera iritsi aurretik erantzun integrala ematea beharrezkotzat jo du kolektiboak. Migratzen duten pertsonen eskubideak bermatzea eta bizitzak duintzea ezinbestekoa delako. Momentuz, unean uneko irtenbidea eta gizarte eragileek emandako erantzuna da mahai gainean dagoena eta martxoaren 31ra arte laguntza eta aterpea bermatzeko konpromisoa hartu du Negu Gorriak kolektiboak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!