45 urteko ibilbidea egin du Xabier Berasaluze 'Leturia'-k, eta urte luze hauetan, "ez diot koplak kantatzeari utzi, gustatzen zaizkidalako eta ez ahazteko", aitortu du musikariak. Beraz, memoria ariketa bat izan da liburua: "Aspaldidanik nituen gordeta kantatu izan ditudan koplak eta pena ematen zidan maletan gordeta egoteak eta argitaratu ditugu".
Ganbarako zirriborroak bildu eta emaitza 152 kopla dituen Koplarik kopla bilduma izan da. Askotariko gaiak jorratzen dituzten koplek, hasierakoak, 1979. urte ingurukoak "matxistak" direla aitortu du Leturiak, izan ere, neskatzarrak dira askoren ardatz. Halere, horiek ere jaso nahi izan ditu artistak eta hirutan banatu koplak orrialdeetan zehar.
Lehen urteetako koplak jaso ditu lehendabizi, 1970etik 1984ra bitartekoak. Ondotik, Joseba Tapiarekin batera egindako ibilbide luzekoak, hiru epetan banatuak. Eta azkenik, 2010. urtetik aurrerakoak irakur daitezke. Kopla bakoitzaren izenburuaren azpian, eta hitzen aurretik, hainbat datu zehaztu ditu egileak. Eta letrekin batera, doinuak ere gehitu dizkio egileak, koplak kantatu ahal izateko.