Josu Chueca: “Garai eta egoera tragikoenetan ere euskal musikarien sorkuntza oso aberatsa izan zen”

Euskalerria Irratia 2025eko abenduaren 12a

Hamaika Bide Elkarteak ‘Erbesteko musikari buruzko ikerketak’ liburua kaleratu berri du

Hamaika Bide elkarteak Erbesteko musikari buruzko ikerketak liburua argitaratu berri du. Rebeca Gomez Cifuentes ikertzaileak koordinatu du lana, Josu Chueca Hamaika Bideko elkarteko zuzendari eta EHUko historialaria eta Jon Bagüés Eresbileko zuzendari izandakoaren laguntzarekin. Hamaika Bide elkarteak 2023an egindako 18. biltzarrean aurkeztu ziren hitzaldi eta testuen artean 15 lan aukeratu dituzte eta liburuan bildu.

Hiru ataletan banatuta dago. Lehenengoan, erbesteko euskal musika eta dantzari hurbilketa globala egiten da. Tartean, Eresoinka dantza eta musika taldeari eskainitako atal bat. Jose Antonio Agirre lehendakariaren garaian antolatutako propaganda-kutsuko kantu eta dantza taldea da Eresoinka, berriki Karmele film luzean Asier Altunaren eskutik ezagutzera eman dena.


Bigarren atalean, hainbat musikari eta sortzaileren inguruko profilak lantzen dira sakonean. Hamar testu biltzen ditu, izen propioekin, musikari, konpositore, abesbatzen sortzaile edo euskal melodien biltzaileei buruz, hala nola Emiliana de Zubeldia, Jorge Riezu, Pedro Sanjuan, Ramon Muguruza eta Luis Marianori buruz. Eta azkenik, Musika eta literatura izeneko atala topatu dezakegu.

Josu Chueca elkarrizketatu dugu Metropoli Forala saioan eta nabarmendu du ez dagoela musikaren gaia erbestetik jorratzen duen ikerketa askorik, eta gai hori "nahiko baztertuta" geratu dela mundu akademikoan, beste diziplina batzuetan zentratuta, hala nola literaturan edo poesian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!