Maria Goirizelaiak eta Ane Pikazak osatutako konpainiak zainketa aringarriak eta heriotza ona ardatz hartuta Adiorik ez antzezlana sortu dute. Aita batek, Patxo Telleriak, eta alaba batek, Ane Pikazak berak, Donejakue Bidean zehar egindako bidaiaren alegoria bat egiten dute oholtza gainean, sei aktorek osatutako lantaldearekin.
Doluaz aritzea "zaila, baina beharrezkoa" iruditzen zaio Pikazari. Antzezlanak prestatzen laguntzen gaituela uste du, izan ere, "agian distantzia hori laburtu egiten du eta kontzienteago egiten gaitu". Gaineratu du, "bizitzeko gogo gehiagorekin ateratzen da jendea antzokitik".
2017an sortu zuten Goirizelaiak eta Pikazak La Dramatica Errante konpainia antzerki feminista, irisgarria eta garaikidea egiteko asmoz sortu zuten, inguratzen gaituen gizartearekiko kezkak bultzatuta. Eta hain zuzen, bide horrek jarri zituen sorkuntzaren bi aldeetan: produkzioan eta oholtzan. Erriberriko Antzerki Jaialdiaren zuzendari artistiko lanetan dihardute 2021etatik eta berriki berritu dute hitzarmena beste lau urtez. Lizitazio publikoko prozesuan Balorazio Batzordearen puntuaziorik altuenarekin 2029ra arte izanen dira karguan.
Antzerkiak bizi duen osasun onaz ere hausnartu du Pikazak: "Askotan hitz egiten dugu eta guk ere konpainia moduan kultura, artea, arte eszenikoak noraino iritsi diren diskurtso moduan oso toki gorenetara. Kultura transformaziorako gure helburu dela eta Europako helburuetan sartuta dagoela. Baina gero plazaz plaza doan konpainien errealitatea nahiko prekarioa da askotan". "Ezin dugu erabili tresna politiko moduan zorua ez badago ondo ureztatuta", egin du aldarri Pikazak.