Iosu Marti Marabiyak kolektiboko kidea Irrintzi Plazara hurbildu da. Bizikleta Gorriak proiektu berriaz mintzatu zaigu. Iruñeko Antartikan garatuko dute ekimena DJ Reimyrekin batera eta gazte magrebtarrentzat bizikletak konponduko dituzte. Etxean erabiltzen ez diren bizikletaren bat izatekotan, Antartikara eramateko deialdia egin du Iosu Martik. Bestalde, Bizikrazia baten memoriak erresidentziaz mintzatu zaigu. Uharteko Arte Garaikideko Zentroan garatu du eta hainbat bideo artistiko daude ikusgai zentroko webgunean.
BIZIKRAZIA, Iosu Martiren hitzetan
Goizaldeko hirurak dira, gau iluna; okindegi baten erraietan gaude, artisau, txiki eta familiar batean. Lanparatxo fluoreszenteen argipean, okina, mehe eta bizi, eskuak mugitzen ari da, bolatxo zuriak moldeatzen dituen bitartean. Bihar bere herria elikatuko duen ogia da. Ogiak, ogi handiak eta gozokiak sortuko dituen masa amarekin lan egiten du. Lantoki horretatik hirietako kaleetaraino, gurpilen, bakterioen, legamien eta gizakiaren indarraren bidez bidaiatuko dugu, Masen barruan zer dagoen arakatzeko; oraingoan, Kritikoen barruan.
Soziologiaren arabera, masa kritikoa honela definitzen da: “fenomeno batek berezko dinamika bat hartu eta bere kabuz eutsi eta hazi ahal izateko behar den pertsona kopurua.” Txinan bizikleten erabilera masiboa izan da eta da oraindik; Return of the Scorcher dokumentalean jaso zen, eta 90eko hamarkadako Kaliforniako mugimendu ziclistako lehen aitzindarientzat izan zen inspirazio San Frantziskon hilabetean behin egiten zuten bilkura ibiltari espontaneo hura izendatzeko.
2025eko urria eta azaroa bitartean, ikerketa-bitartekotza artistiko bat burutu dut Iruñeko Masa Kritiko mugimenduarekin elkarlanean. Elkarrizketen, bileraren, hitzaldien, tailerren eta performance-en bidez, mugimendu honen izaeran sakontzen saiatu naiz: bere aurrekariak ezagutzen, bere trantsizio-guneak kokatzen, begirada artistikoak arakatzen eta, modu pertsonalean, ni neu mugimendu horren barruan non kokatzen naizen ulertzen.
Ikerketak etapa baten amaiera du hemen, idatzizko memoria honen, elkarrizketak eta ikusentzunezkoak esteka hauen bidez. Lehen itxiera, nola ez, azaroaren Masa Kritikoan eman zen, eta bertan hausnarketarako eta funtzionamendu maseroaren aldaketarako proposamen desberdinak praktikan jarri ziren. Hurrengo urratsak martxan daude jada, eta helburua da auto-kudeaketatik, gobernantzatik eta sorkuntza artistikotik abiatuta hausnartzen eta ekiten jarraitzea.
Egunero bizikletaz jarraituko dugu, hilero Masan ospatzen, eta bakteria eta legami onak bezala, hazten, eraldatzen eta hiltzen—birjaiotzeko behar den guztietan.