50 urte dira Franko hil zenetik. Ondorengo etapa sozial eta politikoari Trantsizioa deitu izan diote. Esperantzaren ateak ireki ziren, beste mundu batean sinesten zuen gizarteak. Eta beste mundu berri bat behar zuen 40 urteko diktadura eta gero. Baina frustrazio asko ere ekarri zituen Trantsizioak. Aldaketa horiek ez baitziren askotan nahi bezala gertatu edo behar zen azkartasunarekin. Batzuk ez dira oraindik ere gauzatu.
Iraultzarako gogoak zapuztuta, asko izan ziren bestelako bizimodu bat bilatu zutenak, gizarteak eman ez zien askatasunen bila. Horrela sortu zen Arco Iris izeneko komunitate tantrikoa. Lizason izan zuen bere kokalekua. Eta han bizitakoa eta gertatutakoa sakonki aztertu du Irati Gorostidi zinemagileak. Hamarkada oso bat egon da komunitate hori aztertzen eta ikasten. Eta horren fruitu izan dira Contadores film laburra, dokumental bat eta ostiral honetan zinema aretoetara iritsiko den Aro Berria pelikula. Irrintzi Plaza saioan gonbidatu izan dugu Irati Gorostidi zinema zuzendaria.