Xanti Agirrezabalak eta Erika Olaizolak bi urte eman dituzte kakaztuta. 'KAKA' izeneko umorezko antzezlana sortu dute eta Korrika Kulturalaren sormen beka irabazteari esker, Euskal Herriko oholtzak beteko dituzte kakaz.
Sinplea, baina konplexua dirudien premisa batetik abiatzen da obra: Euskal kulturaren oholtzan, kaka-mokordo bat agertu da. Kaka azaleratu da eta egoeraren analisia egin behar da. Nork egin du? Noiztik dago hor? Zer irudikatzen du? Eta orain, zer egin kaka honekin? Noren ardura da? Nori tokatzen zaio marroi hau argitzea? Garbitzea?.
"Kaka existitzen ez den mundu bat irudikatu dugu", azaldu du Erika Olaizolak Irrintzi Plazako mikrofonoan. Gizakiek dagoeneko kakarik egiten ez dutenean agertuko da hain zuzen kaka, eta "ikerketa eskatologiko" horrek bilduko ditu herriko alkatea, antropologoa bat, alkatearen idazkaria eta ertzaina.
"Nola da posible hainbeste material topatzea eta hainbeste denboraz horren inguruan aritzea?", oraindik antzezlana ikusi ez duenak egiten dien galdera dela dio Olaizolak. Ordu eta laurdenean lortu dute arina izatea, ongi pasatzea eta konektatzea lortu dute. Kakaz gozatzera gonbidatu du publikoa sortzaileak. "Askotan lotsaz bizi dugun zerbait da eta guk zentzu guztietan kaka plazara ekarri nahi izan dugu", gaineratu du Olaizolak.