Ez da poesia liburu soil bat. Aforismoz beteriko arte liburua da. Poesiak ez daude paper txuri baten gainean idatzita. Kalean artistak berak idatzi ditu eta ingurua hartzen duen argazkietan kokatuta daude. Hitzekin eta irudiekin jokatzen duen liburua ere bada Gu da gure guda.
Balu, artista ormaiztegiarraren lehenengo liburua da. “Hiru urteko lana eskaini diot liburu honi: idazten, ikertzen, bidaiatzen, espazio publikoan esku-hartzeak egiten eta edizioaren xehetasun bakoitza zaintzen”. Kalea bera izan du inspirazio iturri. Eta txoko horiek aukeratu ditu artea sortzeko toki. “Lan hau da akademiaren eta kalearen elkargunea, non nire esku-hartze artistikoek nire pentsamenduarekin hitz egiten duten, eta filosofia pertsonal baten forma hartzen duten orrialde bakoitzean. Ez da soilik poesia liburu bat: nire bilakaera, nire bilaketak eta artea zein bizitza ulertzeko nire modua biltzen dituen obra da”, kontatu digu Balu artistak.
Paula Rosellen eta Ekaitz Geriken argazki eta testuekin osatzen da liburua. Eta Joseba Sarrionandiaren hitzaurrea du liburuak. “Baluk eguneroko bizitzako elementuak hartu eta eraldatzen ditu”, dio Sarrik.
Gu da gure guda liburuaz hitz egitera hurbildu da Balu Euskalerria Irratiko Irrintzi Plazara.