Igandea, Osasunak berdindu egin zuen igotzeko borrokan aurkari zuzena den Valentziaren aurka. Datozen bi asteetan selekzioen partidak datoz, eta etenaren aurretik, gorritxoek baliagarria izan daitekeen puntu bat eskuratu zuten.
Ikuspegia apur bat zabalduz, benetan ikusgarria da Josu Dominguezen taldeak azken asteetan izan duen bolada. Liga okerreko bidetik abiatu zuen, jaitsiera postuetatik gertuegi, baina jardunaldiek aurrera egin ahala, gorantz egin du sailkapenean, eta playoff postuetan barneratu da.
Udan izaniko eraldaketak, itxura batean, on egin dio taldeari, eta denboraldiko lehen hilabeteetan gertatu dena aztertzeko, Nora Sarriegi gonbidatu dugu Kirolerria saiora.